EH Bilduk kanpaina amaieran dio «auzolanean baino» ez dakiela jarduten

Koalizio abertzaleak hauteskunde kanpainaren hasieran helarazi zuen mezu berarekin itxi du: «Ezinezkoa zela esan ziguten, eta egin dugu».

EH Bilduren ekitaldia, Altsasun. BERRIA
xabier martin
2023ko uztailaren 21a
12:59
Entzun

EH Bilduren hauteskunde kanpainan lan egin duten hainbat kide Altsasun (Nafarroa) elkartu dira gaur, elkarrekin bazkaltzeko. Maialen Urzelai Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak eta Patri Perales Kongresurako Nafarroako hautagaiak hartu dute hitza. «Ezinezkoa zela esan ziguten, eta egin dugu» esaldiarekin abiatu zuen uztailaren 23rako hauteskunde kanpaina koalizioak, eta baieztapen hori bera errepikatu du Urzelaik. Haren arabera, EH Bilduk «auzolanean baino» ez daki jarduten, eta auzolan horren bidez aurreko bozetan erakutsitako indarra lortuko duela uste du.

Altsasun elkartutako militanteei aritu zaie Urzelai: «Ez gaude denok, jakina; zorionez, milaka gara herriz herri lanean ari garen kideak. Udaletan, auzo elkarteetan, mugimendu sozialetan eta behar den toki guztietan. Maitasunagatik egiten dugu, eta gure bizitzaren zati bat dedikatzen diogu egitasmo honi. Sigla politiko batzuengatik baino gehiago, herri honengatik egiten dugu».

EH Bilduren komunitatea «askotarikoa» dela ziurtatu du, Euskal Herriaren antzera. Koalizioa bere ohiko boto emaileez gainera beste soslai batzuk erakartzen ari dela berretsi du hautagaiak: «Bazter guztietakoak gara, adin guztietakoak, jatorri eta sentsibilitate politiko anitzetakoak». Ziurtatu du biltzeko gai den «kapital politiko eta indar komunitarioan» neurtzen dela EH Bilduren balioa: «Politika ez da helburua guretzat, bitartekoa baizik. Kolektiboan egiten dugu: elkarlanean sinisten dugu».

EH Bilduk «ateak irekita» dauzkala erantsi du, «inor ez baitago sobran». Feminismoak erakutsi duenari ere balioa eman dio aurrerantzean jarduteko moduari erreparatuz: «Bakarrik ezin da, baina elkarrekin urrutira irits gaitezke. Eta horregatik sinesten dugu auzolanean, eta, sinesteaz gain, praktikan jartzen dugu».

Peralesek EH Bildurentzako botoa eskatu die «feministak direnei eta lan eskubideak hobetu nahi dituztenei». Era berean, «planetak kezkatzen dituenei, hurrengo belaunaldiei hipotekarik jarri nahi ez dietenei» mintzatu zaie, botoa eskatuz. «Pentsio duin eta publikoen alde, justizia sozial eta fiskalaren alde, Euskal Herri askeago baten alde»; horren guztiaren aldeko botoa eskatu du EH Bilduren hautagaiak. «Gogoratu maiatzaren 28a, eta berriro sinetsi guregan. Igande honetan, egin ezazu berriro», bukatu du Peralesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.