EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, estatuaren biktimak aitortzeko eskatuz

Memoriaren Egunean aurkeztu du, «aitortza eta erreparazio gutxien jaso duten biktimak» gogoan hartuta.

Julen Arzuaga gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
2023ko azaroaren 10a
13:14
Entzun

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, estatuaren biktimen alorrean urratsak egitea galdegiteko, eta zuzenki Madrilgo gobernua interpelatuta.

Eusko Legebiltzarreko Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak Giza Eskubideetako, Berdintasuneko eta Justiziako Batzordean eginiko agerraldian salatu zuenez, estatuaren biktimek erakundeen aldetik pairatu duten «diskriminazio» eta «erabateko ahanztura» sentimenduak nabarmentzen dira txostenean, eta gehitu zuten «erantzukizun politikoa aitortzea» eta kasuak argitzea eskatzen zutela, aitortza zabalago batekin batera. Biktimek eskatu zuten gertatutakoaren inguruko egia «ofizialki aitortzeko» eta kalte ordainak bideratzeko eskaerak hartzeko. Biktimen arteko «bidegabekeria konparatiboak» amaitzeko eta justizia errestauratiboa «norabide jakin batean» bakarrik ez aplikatzeko ere eskatu zuten, birbiktimizazio egoerak eteteko.

Arzuagak azaldu du balorazio batzordearen eskaera hori aintzat hartuta bideratu dutela legez besteko proposamena, eta «bereziki» oroitu nahi izan dituzte Memoriaren Egunean, «bigarren mailan daudenak».

Batez ere, Espainiako Estatua interpelatzen du legez besteko proposamenak, estatuaren biktimekiko ardura onar dezaten eta justizia eta erreparazioa eman diezaieten: «Haren segurtasun indarrek erantzukizuna izan dute aztertu diren gertaeretan. Izan ere, torturatuak, exekutatuak eta hildakoak agertzen dira txostenean, baina non daude torturatzaileak, hiltzaileak, arduradunak?».

Horiek guztiek izan duten inpunitatea salatu du: «Azken bolada honetan ministro ohiak, poliziak edota sikarioak agertzen ari dira gerra zikinean izandako interbentzioa onartuz; Guardia Zibilarekin izandako loturak aitortzen ari dira, baina ez sortutako sufrimendua aintzat hartu eta biktimei aitortza ekartzeko, baizik eta harrokeria adierazteko». Izan duten inpunitatea erreparorik gabe adierazi izana txarretsi du. «Horrek amaitu behar du, biktimek ez dute birbiktimizatzea eta irainduak izatea merezi».

Halaber, Jaurlaritzari eskatzen dio estatuaren biktimen aitortza eta erreparazio prozesuan lagundu dezala, eta legebiltzarraren konpromisoa galdegiten du prozesu horretan aurrera egiteko baliabideak indartzeko eta beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko. Izan ere, balorazio batzordeak hori ere salatu zuen; egun dituzten baliabideekin ezin diotela erantzun ailegatzen zaien eskaera kopuruari, eta horrek atzerapenak eta, ondorioz, «frustrazioa, inpotentzia eta sufrimendu erantsia» eragiten dietela biktimei. Errefortzuak eskatu zituzten, auzitegi perituen taldea laguntzeko, auzitegietara iritsitako kasuak aztertzeko eta Justizia Administrazioaren eta batzordearen arteko lana errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.