Kalejiren auzia

EH Bilduk Madrilgo Kongresuan galdetuko du Iruñean zaurituriko 14 urteko neskaren inguruan

Alde Zaharreko Jai Batzordeak esan du Espainiako Poliziak furgonetarekin harrapatu zuela gaztetxoa ostiral gauean.

300 bat lagun, gaur, Iruñeko Udaletxe plazan, Espainiako Poliziaren jokabidea salatzeko.
2020ko otsailaren 22a
13:32
Entzun

Ostiral gauean Iruñeko Alde Zaharrean egiten ari ziren kalejira bati oldartu zitzaion Espainiako Polizia, eta, horren ondorioz, 14 urteko neska bat zauritu zuten. Gertaera Madrilgo Kongresura helduko da bihar. EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk esan du Barne Ministerioari galderak egingo dizkiola, gertatutakoa argi dezan. Twitterren iragarri du Iñarrituk ekinbidea: «Zer gertatzen ari da Poliziarekin Iruñean? 14-16 urteko adingabeak atxilotuta, eta neska bat erietxean kalejira batengatik?».

Lekuko batzuen arabera, poliziak Kale Nagusian agertu eta kalejiran parte hartzen ari ziren 14-16 urte arteko gazteak identifikatzen hasi ziren. Baina, metro batzuk aurrerago, furgoneta batean sartu ziren, abiada handian, eta ia harrapatu egin zuten neskato hori. Gaztetxoa erori egin zen, eta poliziek, atxilotu, furgonetan sartu, eta polizia etxera eraman zuten. Gero ospitalera eraman zuten.

Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak agiri bat plazaratu du, eta, adierazi duenez, poliziak Alde Zaharreko kaleetan «gogor sartu ziren, eta 14 urteko gazte bat harrapatu zuten». Espainiako Poliziak ukatu egin du neska furgonetarekin harrapatu izana, eta esan du hura «furgonetaren ondoan erori» zela. Jai Batzordeak salatu duenez, «inola ere ezin da zaurituriko pertsona bat mugitu», baina poliziek, hura atxilotu, eta furgonetan eraman zuten. Kaleak jendez beteta zeuden orduan, inauterietako ospakizunengatik, eta polizien ekintzek «beldurra eta tentsioa» eragin zutela gaineratu du batzordeak. «Furgonetak gure auzoan abiada handiz sartzeak arrisku handia sortu zuen han jolasten ari ziren gaztetxo guztientzat eta haien familientzat».

Elkarretaratzea

13:30 aldera 300en bat lagunek elkarretaratze bat egin dute Iruñean, Udaletxe plazan, inauterien alde egiteko eta poliziak auzoetatik ateratzeko eskatzeko.

Bakartxo Ruiz Nafarroako EH Bilduko parlamentarioak gertaturikoa salatu du Twitterren. «Oso larria atzo Espainiako Polizia Alde Zaharreko inauteri kalejiran sartu izana eta izandako jarrera erasokorra. Oso larria adin txikiko neska bat, zaurituta, hasieratik ospitalera eraman beharrean komisariara eraman izana. Erantzukizunak gain hartzea exijitzen dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.