Urtero bezala, EH Bilduk ordezkaritza bat bidaliko du Kataluniako Diadako ekitaldietara. Alderdiak Parlamentuan duen bozeramaile Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko eleduna eta Pernando Barrena europarlamentaria izango dira Bartzelonan datorren irailaren 11n.
Alderdiak ohar batean zabaldu duenez, Kataluniako alderdiekin biltzeko eta harremanak sendotzeko baliatuko dute bidaia euskal ordezkariek. EH Bilduko kideek Rafael Casanovari egiten zaion lore eskaintzan eta arratsaldeko manifestazioan ere hartuko dute parte.
EH Bilduz gain, Diadan parte hartzeko asmoa iragarri dute Gure Eskuk eta Independentistak Sareak ere. Gure Eskuk dei egin du "katalanekin oinarrizko eskubideen defentsan" bat egitera, eta Independentistak Sareak ekitaldia egingo du Bartzelonako Euskal Etxean.