EH Bilduk salatu du Cartuja ondoan jarri dituen iragarkiei eraso egin dietela, Sevillan

Osasunak Real Madrilen aurka Espainiako Kopako finala jokatuko du gauean futbol zelai horretan, eta Osasuna animatzeko kartelak jarri zituen atzo koalizioak. Sevillako Udalak horiek kentzeko eskatu du

EH Bilduren iragarkia, Sevillan, Cartuja estadioaren ondoan. EH BILDU
jon ordonez garmendia
2023ko maiatzaren 6a
10:14
Entzun

Osasunak Espainiako Kopako finala jokatuko du gaur Sevillan, Cartuja estadioko futbol zelaian, Real Madrilen aurka. EH Bilduk Osasuna animatzeko iragarki batzuk jarri zituen atzo estadioaren kanpoaldean, eta gaur salatu du eraso egin dietela. Zehazki, horitako bat puskatu egin dute eta bestean ETA asesina idatzi dute (ETA hiltzaile).

«Aupa Osasuna» irakur liteke EH Bilduk jarri dituen iragarki horietako batean, eta bestean, horrez gain, «Somos un equipo» (Talde bat gara). Gainera «Orgullo. Ilusión» (Harrotasuna. Ilusioa) eta «Egingo dugu» mezuak ere ageri dira. Baita ikurrina bat eta Nafarroako bandera bat ere.

Gaur goizean Sevillako Udalak iragarki horiek kentzeko eskatu dio Andaluziako Gobernuari. Sevillako Udalak dio hauteskunde legearen kontrakoa dela iragarki hori, horren arabera, hauteskunde kanpainatik kanpo ezin delako publizitzaterik egin. Iragarkiei buruz galdetutakoan, baina, EH Bilduko iturriek BERRIAri adierazi diote karteletan ez direla botoa eskatzen ari, eta egun hauetan Euskal Herrian badaudela EH Bilduren eta bestelako alderdi batzuen kartel gehiago ere kalean.

«Modu irregularrean jarritako iragarki bat da, eta publizitate hori kontratatu denik ez dago garbi», esan du ohar batean Sevillako Udalak. Lur sail hori, gainera, berea dela argudiatu du, eta horregatik, iragarkiak kendu ondoren, kontratazioa ikertzeko eskatu du. Carjuja estadioa kudeatzen duen elkarteari onura ekonomikorik jaso duen ere argitzeko eskatu dio.

EH Bilduk BERRIAri adierazi dio Sevillako enpresa baten bitartez kontratatu zutela euskarri hori publizitatea egiteko, «aukera bazegoelako eta pentsatuz milaka nafar eta euskal herritar egongo zirela gaur hor».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.