EH Bilduk salatu du Osasun Sailak iaz baino 142 milioi gutxiago gastatu dituela

Osasun krisi betean murgilduta egon arren, koalizioak dio «kezkagarria» dela Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak joan den urtean baino gutxiago gastatu izana.

Nerea Kortajarena, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO/ FOKU
2020ko azaroaren 4a
17:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak agerraldia egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen betearazte mailari buruzko azken datuen berri emateko, eta salatu du datu ofizialek agerian uzten dutela zein den benetan pandemiari aurre egiteko Jaurlaritza egiten ari den ahalegin ekonomikoa. «Edonork pentsatuko luke pairatzen ari garena bezalako krisi batean inbertsio eta gastu publikoa nabarmen handituko zela gizartearentzat funtsezkoak diren arloetan, osasunean, hezkuntzan eta pertsonen zaintzan eta babesean nagusiki, baina ez da hori ikusten duguna, harrigarria bada ere». Hala, Jaurlaritzaren azken datuen arabera, Osasun Sailak 2.792 milioi euro gastatu ditu irailaren 30era arte, bere aurrekontuaren %70,6; iaz, ordea, 2.934 milioi euro gastatu zituen epe berean, aurrekontuaren %74,2. «Hau da, martxoaz geroztik herri honek inoiz ezagutu ez duen osasun krisi batean murgildurik bizi gara, baina Osasun Sailak iaz baino 142 milioi gutxiago gastatu ditu».

Kortajarenaren ustez, «harrigarria eta kezkagarria» da Osakidetzaren aurrekontua igo ez izana. «COVID-19ak sekulako gainkarga ekarri dion arren dagoeneko ahulduta zegoen Osakidetzari, Osakidetzan abenduan onartu ze aurrekontu berarekin ari zaio aurre egiten egoerari, nahikoak ez diren baliabideekin».

Hezkuntzan ere egoera ez dela askoz hobea salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, «pandemiak ez baitu aurrekontuan aparteko esfortzu bat ekarri». Zehazki, Hezkuntza Sailak bere aurrekontuaren %74 gastatu du aurten urrira arte (2.179 milioi), iazko portzentaje bera, Kortajarenaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.