Alderdiak

EH Bilduk Urkulluri eskatu dio bitarteko guztiak jartzeko pandemiari aurre egiteko

Alderdiekin legealdiko bigarren bilera sorta amaitu du Jaurlaritzako lehendakariak. Gaur, EH Bilduko Maddalen Iriarterekin eta Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategirekin batzartu da

Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarterekin, gaur goizean. EUSKO JAURLARITZA
2021eko martxoaren 17a
15:51
Entzun

Pandemia eta haren ondorioak izan dituzte hizpide alderdietako eledunek Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin izandako bileretan. Maddalen Iriarte izan da azkena, eta hark eskatu dio Urkulluri gobernantza eredua aldatzeko, elkarrizketa politikoari garrantzi handiagoa emanez. Eusko Legebiltzarrean, EAJk eta PSE-EEk egitasmoak aurrera ateratzeko gehiego osoa dute, baina, Iritarteren arabera, hori ezin du bihurtu «autokritika saihesteko erreminta bat».

Urkullurekin izandako agerraldiaren ostean, Iriartek komunikabideei jakinarazi die zer mezu eman dion EH Bilduk Jaurlaritzako lehendakariari. Iriarteren arabera, bat egiten dute Urkullurekin egoeraren gaineko kezkan, kutsatze kopuruek berriro gorantz egin baitute. EH Bilduk helarazi dio «funtsezkoa» dela txertaketaren erritmoa bizkortzea eta ahalik eta txerto gehien jartzea.

Halaber, EH Bildu kezkatuta azaldu da pandemiaren ondorio sozioekonomikoekin, hala lan munduan nola oro har ekonomian egoera duela urtebete baino «okerragoa» baita. Maddalen iriarteren arabera, Jaurlaritzak «bitarteko guztiak» jarri behar lituzke betikoek krisiaren ondorioak pairatu ez ditzaten. Iriartek salatu du oraingoz Gasteizko gobernuak ez duela erantzun erronka handiaren neurrian. Gogora ekarri duenez, Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera,  pandemiari aurre egiteko 510 milioi euroko aurrekontua zegoen, eta 62 milioi euro erabili gabe geratu dira. Iriarteren arabera, datu hori «onartezina da».

Horregatik galdegin dio gobernantza eredua aldatzea. Iriarteren arabera, EH Bilduk eta EAJk bat egiten dute zenbait proiektu estrategikotan, baina horren gaineko adostasunak lortzeko eredu aldaketa bat behar dela uste du. Aurreko bilera duela lau hilabete izan zela eta geroztik legebiltzarreko bigarren alderdi nagusiarekin ez dela bildu aipatu dio. Iriarteren arabera, ezinbestekoa da gobernuak oposizioko alderdiekin komunikazioa etengabe zabalik izatea, eta sistematikoki haien proposamen guztiak atzera botatzea. «Ezinezkoa da geuk egiten ditugun proposamen guztiak txarrak izatea». 

Elkargune eske

Antzeko mezua helarazi dio Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik Urkulluri. Iriartek adierazi bezala, lankidetzarako eremu asko egon daitezke, haren ustez. «Lehendakariak esan dit gobernuko sailburuekin hitz egingo duela elkargune horiek ahalbidetzeko beharrari buruz». Dena den, kritiko azaldu da: aurreko bilera sortan, haren koalizioak 19 proposameneko dokumentu bat aurkeztu zion Urkulluri; lau hilabete geroago, gai horietako zenbat jorratu diren gogorarazi dio Urkulluri, baina ondorioztatu du euren proposamen bakar bat ere ez dela kontuan hartu.

Era berean, legebiltzarrean orainzazpi lege daude tramite bidean, eta Gorrotxategik nabarmendu du gehienetan ez direla aintzat hartuak izan. Haren esanetan, koalizioak eztabaidatu, negoziatu eta akordioetara heltzeko borondatea du, eta oposizio arduratsua egin nahi du, baina horretarako hitz egiteko mahai batean bildu behar direla azpimarratu du. 

Asteartean, Carlos Iturgaizekin bildu zen Iñigo Urkullu. PP+Ciudadanos koalizioko eledunak aurpegiratu zion pandemiari aurre egiteko kudeaketan noraezean dabilela. Arazoei aurre egiteko orduan blokeatuta antzematen zaiola ere aipatu zuen. Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuta, jarritako txerto kopuruan azkeneko postuetan dagoela adierazi zuen, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua «susmopean» dagoela deritzo, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan izandako txertaketa irregularren ondorioz.

Vox eskuin muturreko alderdiarekin ere biltzekoa zen Urkullu, baina Amaia Martinez legebitzarkideak uko egin zion biltzeari bere alderdiaren aurkako «beto antidemokratikoa altxatzen ez duen bitartean».

Jaurlaritzaren balorazioa

Bilerak amaituta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak gobernuaren iritzia plazaratu du. Zupiriaren irudiko, bilkurek agerian utzi dute Urkulluk alderdiengana gerturatu eta akordioak lortzeko borondatea duela. «Gobernuak entzuten jarraituko du, eta oposizioko taldeei erantzungo die. Lankidetza eraikitzailerako ateak zabalik jarraituko du». Zupiriak gaineratu du, parlamentuan EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa izan arren, topaguneak bilatzeko asmoa dutela, pandemiaren egoera zaila delako.

EH Bildurekin eta Elkarrekin-Podemos-IUrekin izandako bileren inguruan, Zupiriak nabarmendu du haiek eskatutako dokumentazio guztia helarazteko prestasuna azaldu dutela Jaurlaritzako sailek. Era berean, bilerei begira, beste hainbat agiri jarri ditu mahai gainean pil-pilean diren gaien inguruko xehetasunak izateko: hala nola urtebeteko pandemiari buruzko hausnarketa; txertaketa plana; lehentasunak suspertze ekonomikoaren, enpleguaren eta elkarrizketa sozialaren eremuan; Europako Batasuneko funtsak… 

PPrekin izandako bilkurari dagokionez, eskuineko koalizioaren ekarpena izan da 2021eko aurrekontuaren lege proiektuari osoko zuzenketa beharrean zatikako zuzenketa aurkeztea. Voxi dagokionez, Zupiriaren esanetan, bere burua baztertu baizik ez du egin Martinezek.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.