Jasone Agirre izango da EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Mikel Otero Arabakoa, eta Maddalen Iriarte Gipuzkoakoa —lehendakarigaia ere bada—. Hori proposatu du koalizio independentistaren zuzendaritzak. Oinarriek gaur eta bihar bozkatuko dute, eta zuzendaritzak etzi, ostiralarekin, izendatuko ditu hautagaitzak.
Gipuzkoako zerrendako bigarren postuan Nerea Kortajarena jarri du zuzendaritzak, eta hirugarrenean, Rebeka Ubera; azken legegintzaldian parlamentariak izandakoak dira biak. Laugarren postuan Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia dago. Lore Martinez, Ander Rodriguez, Oihana Etxebarrieta eta Eraitz Saiz de Egilaz dira hurrengoak.
Bizkaiko zerrendan, Iker Casanova 2016tik legebiltzarkide izandakoa da bigarrena, Pazis Garcia hirugarrena, eta parlamentari izandako Leire Pinedo eta Julen Arzuaga laugarrena eta bosgarrena, hurrenez hurren. Ikoitz Arrese, Diana Urrea, eta Mikel Ruiz Oar-Arteta dira hurrengoak.
Araban, Eba Blanco EAren behin-behineko idazkari nagusia jarri du bigarren tokian zuzendaritzak, Josu Estarrona hirugarrenean, Maria Garde laugarrenean, eta Unai Fernandez de Betoño bosgarrenean.
Zerrenda «kontinuistak»
Zuzendaritzak proposatutako zerrendak «kontinuistak» dira, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez. Eta erabaki hori hartu du zuzendaritzak, «hamarkada baterako» taldea osatu nahi duelako.
Otegiren esanetan, bestalde, Gemma Zabaletak, Dani Arranzek, Javier Madrazok eta Manuel Diaz de Rabagok EH Bilduren inguruan «ezkerreko alternatiba bat» sortzeko egindako deia «adierazgarria eta oso garrantzitsua da».