EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek abenduaren 5ean Durangon (Bizkaia) manifestazio baterako deia eginda du, eta gaur Durangon bertan egindako agerraldi batean adierazi du babes zabala jaso duela: 50 eragilek baino gehiagok egin dute bat. «Euskalgintzako eragileez gain, deialdiarekin bat egin dute beste borroka esparru batzuetako herri mugimenduko eragileek nahiz sindikatuek». Parte hartzeko deia berritu dute: «Faxismoari eta eskuin muturrari euskaraz aurre egingo diogu». Mobilizatzeko deiarekin bat egin duten hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariak izan dira gaurko agerraldian, EHEko kideekin batera.
Manifestazioaren aurkezpenean gogora ekarritako mezuak berriro plazara atera dituzte. «Euskararen egoera larriak euskararen aldeko borroka bizkortzea eta indartzea eskatzen du», ohartarazi dute. Euskararen «kontrako haizea» harrotuta dabilela gogoratu dute, eta berebiziko zentzua duela hizkuntzaren biziberritzearen aldeko mobilizazioa berreskuratzeak. Izan ere, kezkatuta daude «eskuin muturraren eta faxismoaren» mezuak ozentzen ari direlako. «Gainditutzat genituen diskurtso erreakzionario eta atzerakoiek lekua irabazi dute».
Nora begiratua badela gogoratu dute. «60ko hamarkada amaieran izandako euskaldunon pizkundea argiki lerrokatu zen Euskal Herri aski eta antifrankista eta antifaxistaren borrokarekin eta, orain ere, horretarako deia egiten dugu». Aldaketa horrek ekarri behar duen helburu behinena argi dute: euskarak «lehentasun politiko eta soziala» izan behar du. Euskaltzaleen «aktibazioa» suspertu behar da horretarako. Ahalegin hori egin nahi dute ondo saretutako borroka eredu batean: «Zapalkuntza guztiak gaindituko dituen Euskal Herri euskalduna eraiki nahi dugu». Hortik deia: «Faxismoari aurre egingo diogu, euskararen errepublika ipar hartuta». Manifestazioa Landako gunetik abiatuko da, 13:30ean.