EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko eta Ikamako kideek euskararen aurkako oldarraldia gelditzea «urgentziazkotzat» dute, eta, bide horretan, iazko azaroaren 20an Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzara joan ziren. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari honako eskakizun hau egitea zen asmoa: «Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak egitea». Eskaera gutun ofizial bat erregistratuz egiteko asmoa zuten, baina egoitzara sartzea ukatu zieten. Eta, ondorioz, ezin izan zuten gutuna erregistratu. Horren ostean, ekimena «bukatutzat» eman zuten, baina ertzainak bertaratu ziren, eta bi taldeetako sei kide identifikatu zituzten. Eta orain deklaratzera deitu dituzte.
Zehazki, atzo arratsaldean egindako agerraldi batean salatu zuten identifikatutako sei kide horiek irailaren 17an epaitegian deklaratzera deitu dituztela. Azaldu dutenez, «desordena publikoak egitea» egotzi diete, eta, akusazio horren bitartez, militantzia politikoa eta protesta sozialerako eskubidea «kriminalizatu» dituzte.
Auzipetuei elkartasuna adieraztearekin batera, agintariei ardurak hartzeko exijitu diete: «Bada garaia instituzio publikoek eta agintari politikoek dagokien erantzukizuna beren gain hartu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta Euskal Herriaren berreuskalduntzerako neurriak hartzeko». Eta, amaitzeko, «errepresioaren aurka antolatuta eta borrokan» jarraituko dutela adierazi dute.