Epaitegian euskaraz mintzatzeko aldarrikapena, sostengua ematera etorritakoen eserialdia, negar gasa. Duela 23 urte istiluak izan ziren Baionako Auzitegian, Zuzen eta Demo taldeetako bina kideren kontrako epaiketan. Gertakari horiek gogoan izan dituzte EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek hainbat euskal militanterekin egin duten agerraldian. Izan ere, azken hilabeteetan behin eta berriz debekatu diete euskaldunei auzitegiaren aitzinean euskaraz mintzatzea. «Epaileek euskaraz hitz egitea debekatzen badigute, epaiketek ez dute inolako zilegitasunik, epaiketa batean akusatuak hitz egiteko aukera ukan behar baitu», adierazi dute.
Orotara hamazazpi pertsonari ukatu diete azken hilabeteetan Baionako Auzitegian euskaraz mintzatzeko eskubidea. Horien artean dira EHEko kideak, Ostia kolektiboko kideak —Marieneko eta Arberoako aferetan auzipetuak—, eta baita Korrikan migratzaileak muga pasatzen laguntzeagatik epaitu zituzten militanteak ere. Otsailaren 5ean beste epaiketa bat izanen dute EHEko kideek, joan den irailean Pirinio Atlantikoetako departamenduaren aitzinean egin zuten ekintzagatik. «Euskaraz bizi nahi dugu» idatzi zuten eraikinaren pareta gainean. Â
Asteazken honetan egin duten agerraldiaren ondotik, auzitegiko idazkaritzara jo dute otsailean epaituko dituzten kideek, eta auzian euskaraz deklaratzeko eskaera formala pausatu dute.
Izan ere, gaur egun epaileen ukoa jasotzen badute ere, bere garaian aukera hori eskaini zieten hainbat euskal militanteri. 1984an Baionan berean izan zen epaiketa baten berri eman dute. Iparretarrak erakundearekin lotu zituzten lau pertsona —Betti Bidart, Xan Koskarat, Joanes Borda eta Alain Matero— euskaraz mintzatu ziren epailearen aitzinean, eta itzultzaile batek itzuli zituen haien adierazpenak frantsesera.Â
Justizia afera bat
EHEko kideek erran dute «bidegabekeria» dela epaitegietan euskaraz hitz egitea debekatzea. «Euskara Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza delako; hitz egiten dugun hizkuntza garelako, euskaldunak euskara garelako; garena izatea debekatzea delako eta gure duintasuna zapaltzea delako; euskaldunak bigarren mailako herritar egiten gaituelako; frantsesez bizi nahi dutenak pribilegiatzen dituelako, hizkuntza horretan Euskal Herrian bizi daitezkeelako, euskaldunak ezin gaitezkeelarik euskaraz bizi», zerrendatu du Lukarte Areskurrinaga EHEko kideak.Â
Gorka Torrek oroitarazi du Frantziako Konstituzioaren argudioa atera izan dietela maiz epaileek. «Alta, Frantziako Konstituzioan ez da idatzia epaitegian euskaraz hitz egitea debekatua dela, eta konstituzio horren pean epaitu zituzten lau militanteak 1984an», adierazi du. «Frantziako eta Espainiako konstituzioek euskaldunoi Euskal Herriko epaitegi guzietan euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatzen ez badigute, konstituzio bidegabeak, gizatasunik gabekoak, zapaltzaileak eta linguizidak dira», gaineratu du.Â
Horiek horrela, auzipetuenganako elkartasuna erakusteko eta euskaraz bizi nahi dutela masiboki adierazteko, urtarrilaren 31n, 12:00etan, protesta eginen dute Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean. Euskaltzale guziak deitu dituzte mobilizazioan parte hartzera.