EHEk salatu du Frantziako agintariak «itxurakeriaz» ari direla euskararekiko

Margoketa bat egin dute Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen eraikinean, EEPren eta EKEren aurrekontuetan izandako gorabeherak gaitzesteko. Atxilo eraman dituzte lau ekintzaileak.

EHEko kideen ekintza, Baionan, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren egoitzan. PATXI BELTZAIZ
EHEko kideen ekintza, Baionan, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren egoitzan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko irailaren 27a
10:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aldi honetan ez duzue eskalatu». Umorez mintzatu zaio Frantziako Polizia Gorka Torre ekintzaileari. Baionako komisariako lau agenteak iritsi direnerako, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek bururatua zuten Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen eraikinean egin duten margoketa. Euskaraz bizi nahi dugu leloa idatzi dute. Prentsari bidalitako ohar batean, EEPren eta EKEren aurrekontuetan izandako gorabeherak gaitzetsi dituzte, eta euskararekiko «itxurakeriaz» jardutea leporatu diete Frantziako agintariei. 

Azken hilabeteetan, euskararen eta euskal kulturaren kontrako kolpeak iritsi dira Paristik. Ekainean jakin zen Frantziako Estatuak 100.000 eurora mugatuko zuela EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontuaren igoera —esperotakoa baino askoz ere gutxiago—, eta abuztuan iragarri zuten 30.000 euro kenduko dizkiotela EKE Euskal Kultur Erakundeari

EHEren iritziz, horrek guziak erakusten du Frantziako Estatuko agintariak «beti bezala itxurakeriaz» ari direla euskararekiko, eta euskaldunak «bigarren mailako herritar gisa» tratatzen dituztela. «Hain zuzen, Euskal Herrian frantsesez eta gazteleraz bizi nahi dutenak pribilegiatuak dira, hizkuntza horietan bizi daitezkeelako, euskaldunak Euskal Herrian ezin gaitezkeelarik euskaraz bizi», adierazi dute. 

WhatsApp Image 2025 09 27 at 10.06.53
EHEko ekintzaileak margoketa egiten. PATXI BELTZAIZ

Departamenduaren egoitzan margoketa eginda, egoera hau salatu, eta bi estatuek erdaldunak ez pribilegiatzea eskatu nahi izan dutela erran dute. «Euskararen alde, Euskal Herriaren independentziaren alde eta justizia gauzatuko duen gizarte baten alde dena eman dutenak omentzeko, ekintza hau Gudarien Egunean egiten dugu».

Azkenik, palestinarrek pairatzen duten genozidioa salatu, eta abenduaren 6an EHEk Durangon (Bizkaia) eginen duen manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dituzte euskaltzale independentistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.