EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatu ditu, sexu askapenean «laguntzen» dutenak eta bide horretan «oztopo» direnak nabarmentzeko. Larunbatean egin zuten ekitaldia, Bilboko 7Katu gaztetxean. Aurten, Elkuirtruke kolektiboari egin diote aitortza, eta salaketa, aldiz, Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitateak ezarritako «biolentzia transfoboari».
Elkuirtruke 2025ean sortutako proiektu bat da. Haien webgunean, queer kolektiboek antolatutako jarduerak, jaiak eta manifestazio eta kontzentrazioak zabaltzeaz gain, aukera dago forokideen artean aisialdirako proposamenak sustatzeko, pisukidea bilatzeko, ligatzeko edota queer irakurketak proposatzeko. «Oldarraldi faxistaren aurrean queer kolektiboaren saretzea bultzatzen du, transfeminismotik lankidetza eraikiz», EHGAMen hitzetan.
Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatea kolektibo batek baino gehiagok jarri du jomugan. «Legez kanpo egon arren, barne protokoloen aitzakian ebaluazio psikiatrikoetatik pasatzera behartzen dituzte pertsona transak, eta, gainera, tratu umiliagarriak jasan behar izaten dituzte, hainbatetan salatu den moduan», gaitzetsi du EHGAMek.