Hezkuntza

EHIGEk salatu du Jaurlaritzaren planifikazio dekretuak «bigarren mailan» uzten duela hezkuntza publikoa

Deitoratu dute dekretua «ikastetxe erlijiosoetako patronalen eta ikastola pribatuen» alde pentsatuta dagoela, haien «erreskate ekonomikorako»

arantxa iraola
2022ko irailaren 02a
12:46
Entzun

Jendaurrean dago unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektua, eta, EHIGE sare publikoko gurasoen elkartearen aburuz, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren testu horrek ez dakar deus onik ikastetxe publikoentzat; uste dute sare «pribatua eta itunpekoa» indartzeko asmoz ondu dutela propio. Deitoratu dute, besteak beste, lerro bakarreko ikastetxe «pribatuak eta itunduak» funts publikoekin finantzatzen jarraitu ahal izango dela, eta eskola publikoek gutxienez bi talde izan beharko dituztela maila bakoitzeko.

Uste dute planifikazio dekretuak, halaber, aterabide bat eman nahi diela jaiotza tasaren ondorioz ixteko arriskuan egon daitezkeen ikastetxe «itundu eta pribatuei», talde edo gela bat osatzeko gutxieneko ratioak aldatzera egingo baita. «Neurri horrek ez du inolako justifikazio pedagogikorik», salatu dute. Areago, pentsatzen dute «ikastetxe erlijiosoetako patronalen eta ikastola pribatuen» alde pentsatuta dagoela, haien «erreskate ekonomikorako». Ikastetxe horientzakofinantzaketa «gehitzeko» asmoa ere ikusi dute dekretuan, eta arbuiatu egin dute hori ere.

Era berean, kritikatu dute dekretuak ez duela bermatzen gaur egun hezkuntza »pribatu-itundua» besterik eskaintzen ez duten udalerrietan aurrerantzean eskola publikoak izatea. Hori aldatzeko «neurri zehatzen» falta ikusi dute. Eta gogoratu dute arrunt larria dela hori oro har, behar baino «eskasagoa» delako eskaintza publikoa. Adibideak jarri dituzte. Zehaztu dute Donostian eta Bilbon, adibidez, eskoletako toki publikoak ez direla %50 ere; Gasteizen %50 dira «justu-justu».

Aintzat hartu gabeko eskeak

Salatu dute, gainera, Hezkuntza Sailak ez dituela aintzakotzat hartu ez beraiek elkarte gisara egindako eskakizunak, eta ezta eskola publikoetako eskola kontseiluetako ordezkariek egindakoak ere. Uste dute «parte hartzearen urraketa» horrekin Hezkuntza Sailak bazter utzi duela hezkuntza lege berria ontzeko hitzartu zen akordioan jaso ziren «printzipioetako» bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.