Gedar komunikabideak salatu du PS Frantziako Alderdi Sozialistak eta Renaissance-k «antisemitatzat» jo zutela EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialista uztailaren 23ko Baionako udal kontseiluan, Israel salatzeagatik eta Palestinaren aldeko ekintzak antolatzeagatik; «Israel desegin» aldarria aipatzen du Etxetok, kasurako, komunikabideak zabaldutako bideo zatian. Halaber, EH Bairi leporatu diote PSren eta Renaissance-ren «kriminalizazio markoarekin» bat egitea.
Gedarrek jakinarazi duenez, joan den osteguneko udal kontseiluan PSko kide Henry Etxetok kargu hartu zion Jean Rene Etxegarai auzapezari Mugimendu Sozialistak Baionako jaietan txosna jartzea baimentzeagatik, eta EHKSri leporatu zion Israelen kontrako «gorroto mezuak» zabaltzea. Are, salatu dutenez, Etxetok auzitan jarri zuen talde politikoek txosna jartzeko eskubidea izatea. Harekin bat egin zuen Renaissance alderdiko Deborah Lupiens-Suares kideak, eta nabarmendu zuen «antisionismoa» dela gaur egungo «antisemitismo berria».
Horrez gain, EH Baiko kide Jean Claude Iriartek iritzi horrekin bat egin izana salatu dute; Iriart Etxetok esandakoarekin ados agertu baitzen, «hitzez hitz». Iriartek udal kontseiluan adierazi zuen «Israelgo Gobernua eta Israelgo Estatua» bereizi egin behar liratekeela.