EHU Euskal Herriako Unibertsitatea 301. eta 400. postuen artean dago munduko unibertsitateen zerrendan, ARWU Munduko Unibertsitateen Sailkapen Akademikoaren edo Shanghaiko Sailkapenaren arabera. Iaz ere 400 onenen artean zegoen. Munduko unibertsitateak ebaluatzen eta zerrendatzen ditu ARWUk. 2.500 unibertsitatek osatzen dute zerrenda, eta mila onenak jakinarazten dituzte. Zerrendan bada Euskal Herriko beste unibertsitate bat: Nafarroako Unibertsitatea (Opus Deirena), 501. eta 600. postuen artean.
Sailkapen orokorraz gain, ARWUk ezagutza arloen araberako sailkapenak egiten ditu. EHU 151. eta 200. postuen artean dago bi ezagutza arlotan: kimikan, eta nanozientzian eta nanoteknologian. 201. eta 300. postuen artean, berriz, matematikan, fisikan, ingeniaritza zibilean, materialen zientzian eta ingeniaritzan, ingeniaritza kimikoan, energiaren zientzian eta teknologian, janarien zientzian eta teknologian, farmazian, zientzia politikoetan eta hezkuntzan.
«Meritu berezia»
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearentzat, garrantzitsua da EAEko unibertsitate publikoa munduko unibertsitate onenen artean egotea, eta meritu handia duela uste du: «Lehia geroz eta handiagoa da unibertsitateen artean, batez ere unibertsitate espezializatuek hartzen dituztelako lehen postuak. Hori dela eta, are garrantzitsuagoa da EHU hor egotea, ezagutza arlo guztiak eskaintzen dituen unibertsitate publikoa baita».
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak EHU zoriondu du aurten ere munduko 400 unibertsitate onenen artean egotea lortu duelako, Shanghaiko Sailkapenaren arabera. EHUko errektore ere izan zen Perez Iglesias. Sailburuarentzat, EHUk «meritu berezia» du, munduko unibertsitateen «elitean» dagoelako, eta, haren ustez, sailkapenak EHUren «kalitate akademikoa eta ikertzailea erakusten du». Hala ere, Perez Iglesiasek ohartarazi du halako sailkapenak ez direla «sakralizatu» behar.
AEBetakoak dira sailkapeneko lehenengo hiru unibertsitateak: Harvardekoa, Stanfordekoa eta MIT Massachusettseko Teknologia Institutua, hurrenkera horretan.