Paperean jasota. Halaxe gelditu dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek dituzten eskubideak eta betebeharrak, lehendabiziko aldiz, ikasleen arautegia onartu baitu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak. EHUk nabarmendu du unibertsitateko estatutuak onartzeak sortu zuela arautegia egiteko beharra, eta testua osatzeko prozesuan elkarlan estua izan dela Ikasleen Kontseiluko ordezkariekin.
Ikasleen eskubideen zerrenda jaso dute arautegian. Batetik, pentsamendu askatasuna, berdintasuna eta halako eskubide orokorrak bildu dituzte zerrenda horretan; bertzetik, arlo akademikoarekin lotuago dauden bertze zenbait, tartean irakasleak ebaluatzeko eskubidea eta tutoretza sistema egokia izatekoa. Azkenik, ikasleen kategoria bakoitzari eskubide jakin batzuk onartu dizkiote arautegian.
Betebeharren arloari dagokionez ere, zerrenda zabala da. Bertzeen eskubideak errespetatzeko beharra eta karguak arduraz betetzekoa jaso dituzte, bertzeak bertze, arautegian. Unibertsitateko ondarea errespetatzeko beharra, pribilegiozko traturik ez onartzea eta ikastea ere bai.
Arautegiak, gainera, ikasleen ordezkaritza organoen eraketa eta funtzionamendua arautzen ditu, bai eta ikasleen elkarteena ere.
EHUk bere ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautu ditu
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ikasleen arautegia onartu du, lehendabiziko aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu