Boiseko (AEB) Jaialdiaren harira, festa ez ezik bestelako zenbait ekitaldi ere badaude. Besteak beste, bertan izan dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak, eta itsasoz gaindiko campusa aurkeztu dute Boiseko State Universityrekin batera; azaldu dutenez, itsasoz gaindiko lehen akordioa da. Sinatze ekitaldian izan dira, besteak beste, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea eta Boise State Universityko jarduneko errektore Jeremiah Shinne.
Horrela, EHUk ohar bidez adierazi duenez, bi unibertsitateek elkarrekin lan egiteko asmoa erakutsi dute. Diotenez, «esparru berritzaile bat» eskainiko du nazioarteko lankidetzarako hezkuntzaren, ikerketaren, ikasleen mugikortasunaren eta ezagutzaren transferentziaren inguruko «erronka konpartituetan». Ziurtatu dute «datozen hilabeteetan» jarriko dituztela martxan proiektuak.
Bengoetxeak gehiago xehatu ditu itunaren abantailak: «Akordioak aukera ematen die bi unibertsitateei euren nazioarteko dimentsioa eta proiekzioa zabaltzeko berrikuntzaren eta teknologiaren garapenean, biek ala biek eskatzen baitituzte estrategia partekatuak, sinergia globalak eta aliantza sendoak». Horretaz gainera, nabarmendu du lankidetzak bide emango diela kulturarteko proiektuetan sakontzeko interesa duten ikasleen mugikortasun programei, baita ikertzaileen arteko ikerketa lerro berriak abiatzeari ere.
Laburbilduz, hauexek izango dira helburuak: ikerketa taldeen arteko aliantzak sustatzea; irakasleen praktikaldiak erraztea hezkuntza eleaniztuna sustatzeko; berrikuntza pedagogikoa bultzatzea; eta bi unibertsitateen artean ikasleen mugikortasuna sustatzea. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hizpide izan du ituna: «Gure helburua da lehen pausoa ematea etorkizuneko ozeanoz gaindiko campuserako bidean».
Lehen hitzordu bat jada jarrita daukate: bi unibertsitateetako ingeniaritza eskoletako ikertzaileek lan saio bat egingo dute, identifikatzeko eta zehazten hasteko zer ikerketa lerro izan ditzaketen elkarrekin etorkizunean.
Beste bi akordio
EHUk ez ezik, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak ere sinatu dituzte akordioak Boiseko State Universityrekin. Bi itun izenpetu dituzte: bat, euskal ikasketen inguruko ikerketa bultzatzeko programa berri bat martxan jartzeko, eta bestea, 2015etik abian den Eloise Garmendia Bieter katedraren etorkizuna bermatzeko. «Bi akordio hauek urrats esanguratsua dira euskal ikasketak nazioarteko esparru akademikoan sendotzeko», nabarmendu dute.
Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat, hitzarmen horiek indartu egiten du euskararen nazioarteko presentzia: «Gure hizkuntza eta kultura mugetatik harago partekatzen duen eta mundu osoko komunitate eta unibertsitateekin harremanak estutzen dituen Euskadi baten alde egiten dugu apustu».
Pradales, gobernadorearekin
Agenda estua edukitzen ari da Pradales, eta, besteak beste, Brad Little Idahoko gobernadorearekin bildu da. Harremanak estutzea izan dute xede: «Ez gara hutsetik hasten. Bilera honen bidez, jarraipena ematen diogu AEBen eta Euskadiren arteko harreman transatlantikoak sendotzeko helburuari». Nabarmendu du harreman horiek aprobetxa daitezkeela enpresa arloan beste aukera batzuk irekitzen saiatzeko, adibidez, industrian eta mugikortasunean: «Mundua bloketan banatzen den honetan, zaratatik haratago, zubiak eraikitzen jarraitzea da gure helburua».
EH Bildu, diasporarekin harremanak sendotzera
EH Bilduko bi ordezkari ere Boisen dira: Edurne Benito del Valle legebiltzarkidea eta Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko diputatua. Sare sozialetan azaldu dutenez, bi helbururekin joan dira hara. Batetik, diasporako ordezkariekin egon nahi dute, baita haiekin dituzten harremanak sendotu ere. Bestetik, Boiseko Jaialdiko hainbat ekitalditan parte hartuko dute. Nabarmendu dutenez, Euskal Herriak «munduko hainbat txokotan duen aberastasunaren lekuko» izan asmo dute: «Euskara erasoaldi bortitz bat jasaten ari den honetan, indarra ematen digu honek, ikusten baitugu badagoela jendea euskararen alde». Euskal Herria nazio gisa onartzearen aldeko borroka ere bizi-bizirik dagoela sentitu dute.