EHUren Leioako campuseko euskara taldeko kideak

Ziortza Goia Mitxelena - Oier Egizabal: «EHUk ez ditu euskaldunon eskubideak guztiz bermatzen»

EHUren Leioako campuseko hautazko 285 ikasgaietatik 113 ezin dira euskaraz egin. Horratx Goiak eta Egizabalek emandako datua. «Arazo larri bat dago».

(ID_15531250) (Mikel Martinez dw Trespuentes/@FOKU) 2025-11-20, Leioa. EHUren Leioako campuseko euskara taldeko bi kide
Ziortza Goia Mitxelena eta Oier Egizabal. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Leioa
2025eko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaldunek zapalkuntza «anitz» bizi dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusean, bertako Ireki Lei(h)oa Euskarari euskara taldearen hitzetan. Taldeko kide dira Ziortza Goia Mitxelena (Bera, Nafarroa, 2005) eta Oier Egizabal (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 2005). Beren-beregi landu dute hautazko ikasgaien gabezia: EHUko euskarazko graduen gaur egungo diagnostikoa eta hizkuntza eskubideen zapalkuntza. Bizkaiko campuseko (Leioa) hautazko ikasgaiak ardatz lana ondu dute. Hautazko ikasgaien arazoa nabarmendu ez ezik, testuingurua ere jarri dute: haien esanetan, arazoa «egiturazkoa» da, eta erantzuleak, EHU ez ezik, beste batzuk ere bai.

EHUk errespetatzen al ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak?

Oier Egizabal: Ez guztiz. Unibertsitatean hainbat adibide daude eskubide linguistikoen urraketak erakusten dituztenak; orduan, EHUk ez ditu euskaldunon eskubideak guztiz bermatzen. Txostenean, zehazki, hautazko ikasgaien arazoari heldu nahi izan diogu. 

Ziortza Goia: Estatuko marko bati erantzuten dio, Espainiatik inposatutako hezkuntza sistema bati. Saiatzen dira graduak euskaldunak direla saltzen-edo, baina, gradu anitz ezin dituzu euskaraz bukatu, hautazko ikasgai anitz ezin dituzulako euskaraz egin.

Nolakoa da Leioako egoera? 

Goia: Hautazko ikasgaien ia %40 ezin dira euskaraz egin. 

Egizabal: Hautazko 285 ikasgai eskaintzen dira campusean, eta horietatik 113 ez dira euskaraz ematen; 113 horietatik gehienak gaztelaniaz dira; alternatiba gaztelania izateak Espainiako Estatuko markoaren logikari erantzuten dio.

Fakultatetik fakultatera ba al dago alderik?

Egizabal: Fakultatetik fakultatera eta gradutik gradura aldaketa handiak ikusten dira. Adibidez, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean hiru gradu daude erabat euskaraz: Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza eta Publizitatea eta horien arteko gradu bikoitzak. Aldiz, Soziologia eta Politika Zientzietan hautazko  hainbat ikasgai ez dira euskaraz bermatzen. Eta ikusi dugun arazorik larriena Arte Ederren Fakultatekoa da. Hautazko ikasgaien erdiak baino gehiago ez dira euskaraz eskaintzen. Eta gradu jakin batean, zaharberritzeari buruzko graduan, hautazko hamalau ikasgai eskaintzen dira, eta bi bakarrik daude euskaraz.

Batzuetan ikasleek aukeratu behar dute: gustuko ikasgaia edo euskarazko ikasgaia. Horrek zer ondorio ditu? 

Goia: Ikasleei aukerak mugatzen ari zara.

Egizabal: Askotan, ikasleak hautatu behar du: bere hizkuntzan ikasi edo berak nahi duen hautazko ikasgaia ikasi. Eta hor arazo larri bat dago. Ikasleak kondenatzen dituzte zapalkuntzazko hautaketa bat egitera: edo zapalkuntza linguistikoa hautatzen duzu, edo kondenatuta zaude berez ikasi nahi ez duzun hautazko ikasgai bat aukeratzera zure hizkuntzan ikasi ahal izateko.

«Ikasleak kondenatzen dituzte zapalkuntzazko hautaketa bat egitera: edo zapalkuntza linguistikoa hautatzen duzu, edo kondenatuta zaude berez ikasi nahi ez duzun hautazko ikasgai bat aukeratzera zure hizkuntzan ikasi ahal izateko»

OIER EGIZABAL EHUren Leioako campuseko euskara taldeko kidea
Gainera, nabarmendu duzue egungo egoerara EHU ez dela ausaz iritsi. 

Egizabal: Zapalkuntza horren erantzuleak seinalatzeak beste ikerketa baterako eman dezake, eta ez gara horretan sartu. Baina zapalkuntza linguistikoa egiturazkoa den heinean, erantzule bakarra ez da EHU: badaude hizkuntza eta hezkuntza politika batzuk EHUz harago doazenak; beraz, seinalatu behar diren instituzioak EHUz kanpokoak ere badira.

Aipatu dituzue datu kuantitatiboak. Azterketa kualitatiboa ere egin duzue, lau ikasle eta irakasle elkarrizketatuta. Zein ondorio atera dituzue?

Goia: Zapalkuntza anitz daude: hautazko ikasgaiak, irakasleen euskara maila baxua, materialak ez dituztela euskaraz ematen...

Egizabal: Askotan esaten da materiala gaztelaniaz dagoela, eta irakasleen justifikazioa zera da: gaztelaniaz material akademikoa hobeto ulertzen dela; hori falazia hutsa da, aitzakia soil bat, egin beharko liratekeen itzulpenak ez egiteko.

Goia: Eta aukerak mugatzen ari dira, euskara mundu akademikora ez sartzea bultzatzen. Irakasle batzuek jarrera ezkorra dute; beste irakasle batzuek, aldiz, prestutasuna: testuak itzultzen-eta saiatzen dira, edo euskarazko testuak bilatzen. Baina lan hori beraien kabuz egiten dute.

«Zapalkuntza anitz daude: hautazko ikasgaiak, irakasleen euskara maila baxua, materialak ez dituztela euskaraz ematen...»

ZIORTZA GOIA MITXELENA EHUren Leioako campuseko euskara taldeko kidea
Ipar Euskal Herriko ikasleen egoerari ere propio erreparatu diozue. Zer-nolako bizipenak dituzte?

Egizabal: Euskaraz ez dauden hautazko ikasgaietarako eskaintzen zaizkien alternatibak gazteleraz dira; zapalkuntza areagotu egiten da, beraz.

Goia: Aukeratzen baduzu ikasgai bat eta irakas-hizkuntza ez badakizu, ez gainditzera kondenatzen zaituzte. Eta horrek frustrazio pertsonal bat ekartzen du, baita zigor ekonomiko bat ere, zeren hurrengo urtean matrikula lehen halako bi ordaindu beharko duzu. Badago zigor bat euskaraz ikasi nahi izateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.