EHUk ikasturte amaierako ospakizuna egingo du ekainaren 12an San Mames futbol zelaian

Estreinakoz batera egingo dituzte gradu eta graduondo amaierako ekitaldiak. Besteak beste, Nogen eta Janus Lester musikariek, eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek parte hartuko dute.

Bengoetxea eta Garai gaur, San Mames futbol zelaian. EHU
Bengoetxea eta Garai gaur, San Mames futbol zelaian. EHU
14789412 kepa
2026ko maiatzaren 21a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dagoeneko prest dauka ikasturte amaierako ekitaldia EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Aurten, estreinakoz, batera egingo dituzte gradu eta graduondo amaierako ekitaldiak, ekainaren 12an, Bilboko San Mames futbol zelaian. «Unibertsitate publikoaren egun handia izatea nahi dugu», adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak; eta egitaraua ere ez da nolanahikoa izango. Besteak beste, Nogen musika taldeak eta Janus Lester musikariak, eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek parte hartuko dute ospakizunean, baita Palestinako musikariz osatutako Sol Band taldeko abeslariak ere.

Bilboko San Mames estadioko zelaia aulkiz beteko dute ekainaren 12an, eta horietan eseriko dira EHUn ikasketak amaitzear diren ikasleak. Haiei guztiei «aitortza» egin nahi diete. Bertaratutako ikusleek, berriz, harmailetatik ikusi ahal izango dute ikuskizuna, hiru pantaila erraldoi jarriko baitituzte.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Estitxu Garai Bizkaiko campuseko errektoreordeak azaldu dutenez, ekitaldi hori «unibertsitate publikoaren egun handia» izan dadin nahi dute. Horiek horrela, gradu eta graduondo amaierako ekitaldiak bateratzea erabaki dute.

Biek ala biek gaur San Mamesera egindako bisitan aurkeztu dute egun «handi» horretako egitaraua: besteak beste, Nogen, Janus Lester, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus igoko dira oholtzara. «EHUko ikasle ohiak dira guztiak», nabarmendu du EHUko errektoreak. «Izan ere, ekitaldiaren helburuetako bat EHU aupatzea da», gehitu du.

Unibertsitateko arduradunek gogorarazi dutenez, Ane Negueruela Nogen taldeko abeslariak Medikuntza ikasi zuen EHUn, eta mediku gisa ari da lanean, abeslaria izateaz gain. Bigarren musika emanaldia Janus Lesterrek emango du. Bada, Jokin Pinatxo talde horretako abeslaria Kimikan graduatu zen, eta iaz aurkeztu zuen tesia.

Musikariak ez ezik, bertsolariak ere ariko dira: Maialen Lujanbio Arte Ederretan lizentziaduna da, eta Amets Arzallus, Kazetaritzan. Horiek biek saio labur bat egingo dute ekitaldiaren hasieran.

EHU Alumni sariak

«Ekitaldi berezia izango da», esan du Bengoetxeak. Izan ere, «unibertsitatea aupatzea, horren bidelagun izatea eta horrek gure gizarteari egiten dion ekarpena publikoki aitortzea ere bada unibertsitate publikoa defendatzea», gehitu duenez. Aitortza horren adierazle, EHU Alumni sariak banatuko dituzte lehendabiziko aldiz.

Horiek horrela, EHUko ikasle ohi hauek omenduko dituzte: Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzailea, Itxaso Ariza ingeniaria, Iñigo Lamarka abokatu eta EHU Alumniko lehenengo presidentea, Teresa Madariaga ekonomialari eta enpresa kudeatzailea, Carmen Mijangos kimikari eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikasi zuen lehenengotariko emakumea, eta Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohia.

Horiek denek jasoko dute 2026ko EHU Alumni saria, haien «ibilbide profesional esanguratsua» eta unibertsitate publikoaren balioen ordezkari gisa egindako lana goresteko. Bestalde, zientzia dibulgazioak ere bere lekua izango du: Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohi eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Iraganaren etorkizuna izeneko hitzaldia emango du.

Palestina ere gogoan

Euskal Herriko Unibertsitateak Palestinaren kontrako erasoak salatuz hasi zuen ikasturtea irailean, Bengoetxeak gogorarazi duenez. Ildo horretan, ikasturte amaieran ere keinu bat egin nahi diote Gazari. Hala, Palestinako musikariz osatutako Sol Band taldeko abeslariak ere parte hartuko du ekitaldian.

Senide eta lagunei ez ezik, ekitaldia gizarte osoari zabalik dago, eta sarrerak salgai daude dagoeneko ehu.eus webgunean, 19,95 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA