EHUko klaustroan ordezkaritza handiagoa izango dute ikasleek eta irakasle ikertzaileek

EHUko klaustrokideen %73,7k oniritzia emanda onartu dituzte estatutu berriak. Besteak beste, izen ofiziala 'Euskal Herriko Unibertsitatea' izatea erabaki dute.

EHUren Leioako campusa, artxiboko argazki batean. MITXI / EHU
EHUren Leioako campusa, artxiboko argazki batean. MITXI / EHU
14789412 kepa
Leioa
2026ko apirilaren 21a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak estatutu berriak ditu. Gaur onartu dituzte klaustrokideen %73,7k. Aurrerantzean, ikasleen eta irakasle ikertzaile ez iraunkorren «ordezkaritza handiagoa» izango da unibertsitateko organoetan; eta EHU osatzen duten egiturek «autonomia eta presentzia handiagoa» izango dute. Bestalde, erakundearen izena ere erabaki dute, aldeko 106 boto jasota: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

Bilkura ia zazpi orduz luzatu da, eta «oso parte hartzailea» izan da, unibertsitateko iturriek nabarmendu dutenez: «EHUko kide askok hartu dute hitza, bai aurkeztutako alegazioak defendatzeko, baita gainerakoan iritzia emateko ere». Leire Garmendia idazkari nagusiak eskertu egin die klaustrokide guztiei izandako jarrera, eta, adierazi duenez, «klaustroan izandako parte hartzeak bat egiten du estatutu berriek oinarrian duten helburu nagusiarekin: izaera demokratikoa indartzea».

Onartutako testuan zera jasotzen da: «EHU unibertsitate plural eta feminista da, LGTBI+ baloreen defendatzailea, bizikidetzaren aldekoa eta komunitatea osatzen duten kolektibo guztiak aintzat hartzen dituena». Ildo berean, unibertsitateko organoetan handitu egin da ikasleen eta irakasle ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza eta haztapena errektorea aukeratzeko orduan.

Parte hartze handia

Hala, EHUren klaustroak oniritzia eman dio gaurko saiora aurkeztutako estatutu proiektuari. Ia ehun alegazio ebatzi dituzte parte hartze oso zabalarekin, 237 klaustro kideetatik %85ek parte hartu baitute. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatea izan da klaustrokideek, hiru aukeren artean, gehiengoz bozkatu duten izen ofiziala: 106k bozkatu dute alde. Hala, iazko ekainean aurkeztutako marka berriaren ildotik, euskara hutsean izendatuko da unibertsitatea aurrerantzean: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA