EHUko Medikuntza ikasleek txarretsi egin dute sare pribatuko ikasleei Osakidetzan praktikak egiteko bidea irekitzea

Salatu dute ez zaizkiela bermatzen Osakidetzan praktikak egiteko behar beste baliabide, eta ohartarazi dute unibertsitate «pribatu baten» eskeak zer ondorio ekar ditzakeen. EHUko irakasleen ordezkari baten arabera, Deustuko Unibertsitateak egin du eskea.

Medikuntzako hainbat ikasle eskola batean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Medikuntzako hainbat ikasle eskola batean, artxiboko irudian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2026ko azaroaren 26a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUko Medikuntza ikasleek salatu dute ez dietela bermatzen ikasketa planean aurreikusitako praktika klinikoak egitea. Graduko azken hiru ikasturteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan egiten dituzte. Baina, azaldu dutenez, gabeziak agerikoak dira: «ez dago profesional eta azpiegitura nahikorik» praktikak egin ahal izateko. Gainera, baliteke arazoa are gehiago korapilatzea, ikasleek jakinarazi baitute «unibertsitate pribatu batek» praktikak Osakidetzako ospitaleetan egiteko «eskaera ofiziala» helarazi diola Eusko Jaurlaritzari. Horiek horrela, «aukera hori baztertzeko» eskatu diete ikasleek Osasun Saileko eta EHUko arduradunei. Haien atea jo du BERRIAk, baina oraindik ez dute azalpenik eman gaiaren inguruan.

«Gure etorkizunarekin negoziatzen duten bitartean, abandonatu egin gaituzte, eta ez ikusiarena egiten ari zaizkigu», gaitzetsi du ohar baten bidez EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Ikasle Kontseiluak. Klaudia Martos erakunde horretako presidenteak azaldu du auziaren jatorria: EHUn Medikuntzako ikasleen kopurua handitu zenean, areagotu egin ziren lehendik zeuden hainbat arazo. 2016an, lehen mailako ikasleak 270 ziren; orain, laurehun dira. 

Martosen arabera, fakultateak ohartarazi zuen ezin zuela ikasleen ugaritze hori bere gain hartu, eta, hala eta guztiz ere, EHUk eskaintza handitu zuen. Ikasleek praktikak egiten dituzte Donostiako ospitalean, Gasteizko Txagorritxun, Galdakaokoan, Basurtukoan eta Gurutzetakoan. Azken hirurak Bizkaian daude. Ikasle gehien duten irakaskuntza unitateetako bat da Gurutzetakoa. Han zer gertatzen den azaldu du Martosek, zer-nolako arazoak dituzten esplikatzeko: «Eskola batzuetara ezin dira ikasle guztiak joan, talde osoa joaten bada ez baitira sartzen». 

Ikasle kopuruak euskarazko adarrean izan du igoera urteotan. Martosek esan du horren alde daudela. Baina esplikatu du «neurri berean» handitu behar dela irakasle kopurua. Gainerakoan, arazoak sortzen dira agindutakoa konplitzeko. Beste adibide bat jarri du: «Lerro hori aukeratu dutenen kredituen %20 inguru gazteleraz ematen dira». Aditzera eman dutenez, behin ikasketen lehen fasea gaindituta ere irauten du arazoak; izan ere, barneko mediku egoiliar BAME izateko lekuak ere ez dira ugaritu. 

Tutoreak falta

Ikasleek mediku tutoreak behar dituzte praktika klinikoak egin ahal izateko, osasun zentroetan lagundu eta irakatsiko dieten profesionalak. «Ez da nahikoa ospitale batera joatea eta mediku bati jarraika ibiltzea: beharrezkoa da norbaitek bere gain hartzea prozedurak azaltzeko eta ikaskuntza gainbegiratzeko ardura», azpimarratu du Martosek. Mediku tutoreen falta ere agerikoa da, ordea, eta, horren ondorioz, ikasleek ez dituzte aurreikusitako orduak betetzen. Ikasle Kontseiluko presidenteak bere egoera jarri du etsenplu gisara: «Hirugarren ikasmailan nago, eta praktiketan 29 ordu egin beharko nituzke: zortzi baino ez ditut egingo». Borondatezkoa da mediku tutoreen lana. Beraz, Osakidetzak ezin du profesionalik behartu zeregin hori bere gain hartzera, eta, gainera, «ez dago pizgarri nahikorik» haien parte hartzea sustatzeko. Horrek ere egoera zailtzen du.

«Hirugarren ikasmailan nago, eta praktiketan 29 ordu egin beharko nituzke; zortzi baino ez ditut egingo»
KLAUDIA MARTOS 

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Ikasle Kontseiluko presidentea

Ikasle Kontseilua salaketa egitera bultzatu duten beste motiboetako bat hau da: unibertsitate pribatuetako ikasleei ere Osakidetzan praktikak egiteko bidea irekitzeko asmoa. Martosek ziurtatu du horietako batek eskaera helarazi diola «ofizialki» Jaurlaritzari, eta gobernuak EHUren esku jarri duela. Horrek piztu du ikasleen kezka. Izan ere, orain ezin dituzte praktika klinikoak behar bezala egin, eta, ikasle kopurua handitzen bada, oraindik ere zailagoa izango da. Gainera, uste dute unibertsitate publikoko ikasleen beharrak bermatzeak izan behar lukeela «lehentasuna».

Ezinegona ez da ikasleena bakarrik. Osakidetzako mediku tutoreetako batek adierazi du sortzen ari den arazoak «kezka handia» piztu duela fakultateko irakasleen eta ikasleei laguntzen dieten Osakidetzako profesionalen artean. Ikasleek mahai gainean jarritako arazoak aipatu ditu hark ere, eta zera ziurtatu: unibertsitate pribatu batek Osakidetzan praktikak egiteko eskea egin duela. Zein unibertsitate den ere esan du: «Deustuko Unibertsitatea». Erantzuna ere izan du. «Fakultateko errektore izandako Joseba Pinedak ontzat eman du eskaera, hark zuzentzen baitu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta EHUren arteko harremanak koordinatzen dituen erakundea». Azpimarratu du, ordea, hezkuntza erakunde pribatu horrek badaukala praktikak non egin: IMQ zentro pribatuetan. «ANECA kalitate akreditaziorako eta ebaluaziorako Espainiako agentziak ziurtatu zuen bazuela baliabide nahikoa bertan praktikak egiteko». 

Hurrengo urratsak

Ikasle Kontseiluak azaldu duenez, EHU eta Osakidetza beste itun bat negoziatzen ari dira. Negoziazio mahai horretan parte hartzeko eskea egin dute. Horrez gain, erakundeei galdegin diete erabiltzen ari diren dokumentuen eta datuen berri ematea, eta ikasleen praktika klinikoetan murrizketarik izango ez dela ziurtatzea. Eskari hau ere erantsi dute: «Unibertsitate pribatu batek ere ez dezala praktikarik egin osasun sistema publikoan». 

Konponbiderik ez bada, ikasleek ez dute baztertzen lanuzteak eta mobilizazioak egitea. Bitartean, bihar bilkura egingo du Fakultateko Batzordeak, eta irakasleek han eskatuko diote dekanoari auziaren inguruko adierazpen bat plazaratzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA