Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) 2008an titulua lortutako ikasleen %76,7 ari dira lanean gaur egun. Aurreko promozioko datuekin alderatuta, enplegu tasa 2,5 puntu jaitsi da. Egindako ikasketekin lotutako lanpostua lortu dutenen kopurua, berriz, aurreko promozioaren berdina izan da: %87. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak eta EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eman dituzte datuak, eta adierazi dute prestakuntza handieneko enpleguek hobeto eusten dietela krisiaren ondorioei.
2008an titulua lortu zuten 5.771 ikasle ohiren iritziak jaso dituzte. Guztira 7.088 pertsonak amaitu zituzten ikasketak urte hartan. Horietatik, %62 dira emakumeak, eta %38 gizonezkoak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek egindako azterketaren arabera, langabezia tasa %16,8koa da tituludun horien artean, aurreko promozioko ikasleena baino 2,1 puntu handiagoa.
Ikasketak amaitu eta lehenengo enplegua aurkitu arteko batez besteko epea sei hilabetekoa da, aurreko promozioaren antzekoa. Bestalde, gutxiago dira kontratu finkoa dutenenak: %42k dute kontratu finkoa, aurreko urtekoek baino lau puntu gutxiagok.
Unibertsitate ikasketak dituzten eta enplegua duten hamar pertsonetatik ia bederatzik beren ikasketekin bat datorren lana lortu dute; %87k, zehazki. Zabaletaren ustez, datu horiek nabarmenak dira: «Euskal unibertsitate ikasleen laneratze maila handiak berresten du enplegu kualifikatuek hobeto eusten dietela krisiaren ondorioei». Enplegu tasak honakoak dira, arloka: esperimentalak (%76), teknikoak (%80), osasun zientziak (%87), gizartekoak (%75), ekonomiko-juridikoak (%73) eta giza zientziak (70).
EHUko errektoreak, halaber, lan eremuetan euskara eta ingelesa gero eta gehiago erabiltzen direla nabarmendu du: «Tituludun berrien %60k erabiltzen du euskara lan munduan, eta erdiak baino gehiagok ingelesa». Gaur egun, prestakuntza euskara eta gaztelaniaz egiteaz gain, ingelesaren erabilera bultzatzen ari direla zehaztu du Iñaki Goirizelaiak.
Ikasketak bukatu dituzten emakumeak gizonezkoak baino gehiago diren arren, azken horien enplegu tasa altuagoa da —%77,6 gizonena, %76,1 emakumeena—, eta langabezia tasa, berriz, txikiagoa —%15,2 gizonena, %17,7 emakumeena—. Soldatari dagokionez, gizonek hilean 1.573 euroko lan sari gordina jasotzen dute; andrazkoek, ordea, 1.468 eurokoa.
EHUko tituludunen %77k dute lana, krisian bada ere
2.008ko promoziokoen enplegu tasa 2,5 puntu jaitsi da; hamarretik bederatzik egiten dute lan ikasitako arloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu