EHUko Udako Ikastaroetan 14.330 pertsonak hartu dute parte

Nabarmendu dute gizartearen «kezka nagusien» inguruan hausnarketarako eta ezagutzaren transmisiorako foroa izan direla.

Idoia Otaegi eta Juana Goizueta, gaur. BERRIA
Idoia Otaegi eta Juana Goizueta, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2025eko urriaren 6a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Oso positiboa» izan da EHUren 44. Udako Ikastaroen jarduna, EHUren Gipuzkoako errektoreorde Juana Goizuetak eta EHUren Udako Ikastaroetako zuzendari akademiko Idoia Otaegik gaur Donostian balantzea plazaratzeko egin duten agerraldian azaldu dutenez. 170 jarduera egin direla esan dute, eta 14.330 lagunek hartu dutela parte horietan. Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan izan dira jarduera gehienak, baina Euskal Herriko beste txoko askotara ere «barreiatu» dute egitaraua: Ataunen (Gipuzkoa), Gernika-Lumon (Bizkaia), eta Auritzen eta Lesakan ere (Nafarroa) ekitaldiak egin dituzte, besteak beste.

Ikastaroak «interes sozial handiko» gaien inguruan ardaztu dituztela nabarmendu dute: gizartearen «kezka nagusien» inguruan gogoeta egiteko izan dira, eta ezagutzaren transmisiorako foroa. «Era berean, besteak beste bizikidetzak, demokraziak, iraunkortasunak eta adimen artifizialak ikasgeletako eztabaidak zeharkatu dituzte, testuinguru sozial eta geopolitiko aldakorraren isla gisa». Une «aipagarrien» artean, gogora ekarri dute uztailaren 2an hasiera ekitaldi ofizialean Guggenheim museoko zuzendari Miren Arzalluzek emandako hitzaldia. Baita irailaren 24an Jose A. Lozano EHUko Konputazio Zientziako irakasleak adimen artifizialaren inguruan emandakoa ere. 

Ikastaroetan batez beste 72 pertsona aritu dira. Hogei bat ikastarok aparteko segida izan dute, eta ehundik gora ikasle elkartu dira horietan. Ikasleen soslaia «askotarikoa» dela nabarmendu dute eta, oro har, jasotako eskaintzaren balorazio «bikaina» egin dutela denek ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.