Hirugarren agintaldia egitea lortuz gero aurreko bietan egin ez duen zerbait egingo duela agindu du Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidenteak eta PSOEko presidentegaiak: zerga berezi bat ordainaraziko die ultraaberatsei. Zehazki, ehun milioi eurotik gorako ondarea dutenek ordaindu beharko lukete, betiere sozialistak gobernua osatzeko gai izango balira. Halako zerga bat Hego Euskal Herrian indarrean jarri ahal izateko aurretik bertako erakundeekin negoziatu beharko luke, eta ondoren Nafarroako Parlamentuaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusien oniritzia jaso beharko luke.
Sanchezen esanetan, zerga horren bidez bildutako dirua «babestutako etxebizitzak sustatzeko, pentsioak bermatzeko, eta haurrak dituzten familiei bideratutako dirulaguntza bat bultzatzeko» erabiliko litzateke.
Azken lau urteetan antzeko zerga bat izan da indarrean Espainian, fortuna handien gaineko behin-behineko elkartasun zerga izenekoa, eta hiru milioi eurotik gorako ondarea dutenek ordaindu behar izan dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ordaindu dute zerga hori, Elkarrekin Podemosek EAJrekin eta PSE-EErekin lortutako itun baten ondorioz. Ondare zergaren osagarri bat da hiru lurralde horietan, eta 2023tik dago indarrean. Nafarroan, berriz, 2024an ezarri zuen, hark ere Madrilekin negoziatu ondoren.
Sanchezek X sare sozialean egindako iragarpenari segida emanez, PSOEk agiri bidez azaldu du klaseen artean arrakala ekonomikoa handitzen ari dela, eta salatu du herritarren %0,1en esku dagoela aberastasunaren %10. «Eta joera goranzkoa da 2010etik», nabarmendu du. Hala, argi utzi nahi izan du zerga horrek ez liokeela klase ertainari eragingo, ezta «enpresari txiki eta ertainei» ere. «Gehien dutenei zergak jaitsi nahi dizkiete batzuek; bada, guk uste dugu horiexek direla, hain zuzen ere, denon ongizaterako gehien eman behar dutenak», gehitu dute sozialistek, eta azaldu urtean 2.000 milioi euro bil daitezkeela zerga horrekin.