Ehunka herritar bildu dira Tolosan osasun zerbitzu publikoen alde

Eriak Asuncion klinika pribatura joanaraziko dituen itunaren kontra azaldu dira; erietxe publiko bat nahi dute

Jendea, Tolosako kaleetan, osasun zerbitzu pribatuak lehenestearen kontra. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ehunka lagun elkartu ziren atzo, Tolosako Triangelu plazan (Gipuzkoa), osasun publikoaren alde. Herriko osasun etxea zabalik mantentzeko eskatu zuten manifestazioarekin bat egin zutenek, eta, bide batez, bertan artatzen dituzten herritarrak Asuncion klinika pribatura ez joanarazteko. Osasun etxearen egitekoak itunpeko klinikara eramanda ongizate estatua arriskuan jartzen dela adierazi zuten martxaren amaieran irakurritako manifestuan, osasunerako eskubidea soilik zerbitzu publikoen bidez bermatzen dela ohartaraziz.

Asuncion klinika itunpekoa da; osasun etxea, aldiz, publikoa. Hiru urtean zerbitzu osoa Asuncionera bideratzea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa, eta hori eragozteko egin zuten protesta atzo. Gainera, eskualderako ospitale publiko bat eskatu zuten, Tolosaldea baita Gipuzkoan eskualdeko erietxerik ez duen eskualde bakarra. TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde elkarteak deituta egin zuten protesta. Hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta kultur, gizarte eta kirol eragilek osatzen dute TOPA, eta atzoko manifestazioa ez da ospitale publiko bat lortzearen alde egin duten lehendabiziko ekimena; 16.000 sinaduratik gora bildu dituzte erietxearen alde, eta elkarretaratze ugaritara deitu dute.

Joan den astean zuten sinatzekoa hitzarmena Osakidetzak eta Asuncionek. Hitzarmen hori, ordea, atzeratu egin behar izan dute. Dena den, akordioa sinatu egingo dutela ziurtatu zion iragan azaroaren 7an Jose Mari Begiristain Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Gipuzkoako ordezkariak Ibai Iriarte Tolosako alkateari. Hainbat mediku espezialistak arreta eskaintzen dute oraindik Tolosako osasun etxean, baina hitzarmenaren bidez, horietatik gehienak Asuncionen esku geratuko dira. Zailenak, aldiz, Donostiako Ospitalean artatuko dituzte. Zerbitzu hori 2012tik aurrera emango du Asuncionek. Begiristainek argudiatu du zerbitzuen bikoiztasuna konpontze aldera hartu dutela neurri hori.

TOPAk uste du Osakidetzak Tolosako osasun zerbitzuarekin egin nahi duena «pribatizazio» prozesu baten ondorio dela, koordinakundeko kide Silvana Ostizak azaldu duenez: « Tolosa laborategi bat da momentu honetan; saioak funtzionatzen badu, beste eskualde batzuetara zabalduko dute. Beste arropa batzuekin jantzi nahi dute operazioa, baina finean esku pribatuetan utziko dute osasuna». Osakidetzaren erabakia «inposizio» bat dela erantsi du. Izan ere, besteak beste, Tolosaldeko 30 alkateek bat egin dute plataformaren aldarriekin, — atzoko manifestazioari atxikimendua azaldu zioten azaroaren 8an—, eta haien eskakizunei entzungor egitea egotzi diote Osakidetzari. «Eskualdeko alkate guztiak horren aurka daude, gizartea ere aurka dute, eta ez dakit zer gehiago behar duten horrelako erabaki aldebakarreko bat ez hartzeko. Negozioak daude tartean», ohartarazi du Ostizak.

Iragan azaroaren 2an bilera izan zuten Tolosaldeko 30 alkateek Begiristainekin. Udal agintariek jakinarazi zutenez, Begiristainek ziurtatu zien sinatzekotan diren itunarekin «irabazi» egingo dutela zerbitzuaren erabiltzaileek, «zerbitzurik onena» eskaintzeko asmoz egin baitute akordioa. Alkateek, baina, uste dute Begiristainen hitzak «kontuak besterik» ez direla, eta ekimenaren atzean osasun zerbitzua pribatizatzeko nahia dagoela.

Erantzuleei kontu eske

Ostizak salatu du alderdi politikoak direla Tolosako osasun etxearen zerbitzuak esku pribatuetara pasatzearen arduradunak. «Hau guztia EAJ Eusko Jaurlaritzan zegoela hasitako bidea da, eta orain PSEk jarraitu egin du», ekarri du gogora. PP ere erantzulea dela uste du, egitasmoaren alde egin baitu.

EAJri «maltzur» jokatu izana leporatu dio TOPAko kideak: «Ez da egitasmoaren aurka agertu, baina esaten ari da koordinakundea klinikaren etorkizunarekin jolasean ari dela. Guk ospitale publiko bat eskatzen dugu. Aldiz, EAJk esan du 300 familia baino gehiago —Asuncion klinikako langile kopurua— arriskuan jartzen ari garela».

Asuncion klinikak emango duen zerbitzuaren finantzaketa ere eztabaidagai bihurtu da. Orain arte egiten duen ekintza bakoitzeko diru kopuru jakin bat jasotzen zuen Asuncionek; hitzarmen berriarekin, aldiz, biztanle kopuruaren araberako ordainsaria jasoko du klinikak. Finantzabide horren aurka mintzatu daOstiza: «Klinika pribatuaren esku geldituko da gure zaintza medikoa, ez du erakunde publiko batek erabakiko. Herritarren zaintzarako irizpideak ekonomikoak izateak kezkatzen gaitu». Osakidetzak eta Asuncionek hitzarmena sinatu ondoren ere TOPAko eragileek osasun zerbitzu publikoen alde lanean jarraituko dutela nabarmendu du Ostizak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.