Indarkeria matxista

Ehunka lagun elkartu dira azken hilketa matxista arbuiatzeko

Emakumeen Mundu Martxak ohartarazi du: «Ez nahasi, hau patriarkatuaren muturreko ondorioa baino ez da, egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorioa». Autodefentsara eta feministak batzera deitu du.

Kontzentrazioa deitu dute Orion, hilketa arbuiatzeko. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko maiatzaren 17a
17:07
Entzun

Herritar asko atera dira kalera Orion, atzoko hilketa matxista salatzera. Ordulaurdeneko isilunearen ostean hartu dute hitza deitzaileek gogorarazteko Lourdes Del Hoyoren hilketa ez dela kasu isolatu bat «egiturazko arazo bat baizik» emakumeak egunero kolpatzen dituena. Seme-alabak eta senideak izan dituzte gogoan, «erreparazio lan handia egin beharra daukagu». Irmo salatu dute irudien erabilera. Hilketa toki publikoan izanda irudiak hedatu dira galbaherik gabe: «Badugu non ardurak hartu».

Arduradun politikoentzako mezu zuzena igorri dute: «Lehen mailako arazo politikoa da». Jarrera konplizeetatik harago joan behar dela exijitu zuten.
Autodefentsa feministarako eta antolatzeko deia eginez amaitu dute mezua: «Lourdes, zuri ukatu dizuten askatasunaren alde borrokatuko gara. Askeak izan nahi dugu!»

Elkarretaratzean izan dira baita Nerea Melgosa sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza EAJko ahaldungaia, Maddalen Iriarte EH Bilduko ahaldungaia, Nerea Kortajarena legebiltzarkidea, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn.

Eraildako emakumearen senideei samina eta elkartasuna agertu die Emakumeen Mundu Martxak, eta salatu egin du zenbait komunikabideetan irudiak zabaldu direla, «familiari eta gertukoei doako mina eragiten dietelako». Gaur Orion eta datozen egunetan Euskal Herriko zenbait herritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Hilketa matxista bat izan denez, kokatu du hilketa: «Egitura baten ondorioa da». Gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik izango. «Egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorioa da».

Egitura heteropatriarkalaren ondorioz sistema «biolento» batean bizi dira emakumeak, «baita heteroarauan sartzen ez diren gorputzak ere». Honekin bukatu beharraren premia azpimarratu dute «nazkatuta gaudelako gure egunerokotasuna indarkeriaz bizitzeaz eta azken muturrean erailak izateaz». Eta ohartarazi dute hau gizarte osoaren arazoa dela.

Gizartea errotik aldatzeko, autodefentsaren eta feministak batzearen premia azpimarratu dute. «Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea».

Arbuioa erakusteko adierazpenak errenkan hedatu dira instituzioetan, Orion asteartean gertatu zena hilketa matxista bat izan zela argitu ahala. Orioko Udalak adierazpen bat kaleratu du. Udaletxeko udalbatzar aretoan egin dute horretarako agerraldia, eta udaleko alderdi guztiek adostutako agiria irakurri dute bertan. Hiru dolu egun egingo dira herrian; udalak bertan behera utziko ditu ekitaldiak, eta udal zerbitzu guztiak itxita egongo dira. «Samina» azaldu dute gertatu denarengatik: «Izugarria izan da, eta herrian eragina izan du». Anuska Esnal alkateak irakurri zuen adierazpena. Arratsalderako herrian deituta zegoen mobilizazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta babesa erakutsi die propio biktimaren etxekoei. Gainerako instituzioek ere egin dute bat elkarretaratzearekin. Mugimendu feministak deitu du protestara. 19:00etan izango da.

Udalak egin nahi izan du beste ohartarazpen bat ere; sare sozialetan hilketaren irudien erabilera «desegokia» egin dela salatu du, eta arduraz jokatzeko eskatu.

Emakundek ere «gogor» salatu du hilketa, eta herritarrei «gaitzespena» erakusteko deia egin die. Gogoratu du berdintasunaren alde egitea dela indarkeria matxista «prebenitzeko» era eraginkorrena, eta horren alde egiten jarraitu behar dela gizartearen alde guztietatik. «Emakumeen aurkako indarkeria da emakumeen eta gizonen berdintasunik ezaren adierazpenik latz eta gogorrena, eta botere harremanetan oinarritzen da».

Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, hilketa matxista salatzeko isilune bat dute eguerdian. Diputazioaren atarian izan da, eta bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia eta gobernu kontseiluko foru diputatuak. Olanok hartu du hitza, denen ordezkari: «Gure sumin eta haserre sakona adierazten dugu; hilketa giza eskubideen urraketaren adierazpen gorena da, gure gizartean inolako lekurik ez duen gertaera oso larria».

Eudelek ere ohar bat atera du; indarkeria matxistaren kontra egite aldera, berdintasunaren alorrean lanean jarraitu behar dela uste du. «Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak zer erantzukizun daukagun gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko. Alde horretatik, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta».

EAEko Arartekoak, gaitzespena agertzearekin batera, erakundeei esan die, bereziki, biktimaren seme-alabei babesa emateko: «Haien bizitzan egin duen zauria ahal den neurrian sendatzen saiatzeko». Arazoari bere zabalean begiratzeko eskatu du: «Arartekoak jendaurrean salatu behar du, beste behin ere, matxismo erailtzaileak eragin handia duela oraindik hamaika emakumeren eta neskato-mutikoren bizitzetan eta, oro har, gure gizarte osoan, nahiz eta gure legeria eta erakunde publikoak etengabe neurri irmoak eta aurreratuak garatzen ari diren hori bukarazteko». Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuak duen ordezkari Denis Itxasok ere gaitzetsi du hilketa matxista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.