Urtero legez, hondartzetara eraman zuen Etxerat-ek aldarrikapena. Euskal Herriko hamasei hondartzatan elkartu ziren presoen Euskal Herriratzea eskatzeko. Guztira, 2.500 pertsona bildu ziren, eta presoak “etxean eta bizirik” nahi dituztela aldarrikatu zuten.
Hondartzetan irakurritako testuan, euskal presoen egoera salatu zuten. Sakabanaketa amaitu eta preso guztiak hurbiltzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten: “Denak eta orain”. Senide eta lagunei “inposatutako zigorra” dela eta “eskubide urraketa larri” hori amaitu behar dela gehitu zuten.
Gaixo dauden presoak eta 65 urtetik gorako presoak ere oroitu zituzten aldarrikapenetan, eta preso horiek “orain atera behar direla” nabarmendu zuten.