Mikel Barrios sostengatzeko bi agerraldi egin dituzte Euskal Herri osoan; bata Iruñeko Arrosadia auzoan, eta bestea Itsasun (Lapurdi). Parisko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion Mikel Barriosi ekainaren 23an, eta Frantzian egoteko debekua izanen du hamar urtez. Hilaren 29an sartu zuten Mont de Marsango (Okzitania) kartzelara, eta atarira lagundu zuten Ipar Euskal Herriko ordezkaritzetako hainbat kidek.
Itsasun egin dutelehen manifestazioa, arratsaldean. Bederatziehun lagun hurbildu dira Ipar Euskal Herriko hainbat herritatik Itsasuko herriko etxera, kurkuilu operazioa eginez, autoz. Tutaka, eta, presoen aldeko ikurrak autoetatik zintzilik zituztela iritsi dira plazara. Itsasu eta Donibane Garazi arteko bide nagusia moztu dituzte istant batez.
Barriosen «Itsasuko lagunek» ohar bat irakurri zuten, ekintza denboran: «Herri hobe bat amestu du Mikelek, eta hori eraikitzeko borrokan engaiatu da. Horregatik dugu eredu. Badakigu haatik, hautu hori egiten dutenak zigortzen dituela sistema politiko honek. Zapalduen bizileku eta borrokalarien zigor leku den kartzelan da orain Mikel eta han segitu beharko du beste 230 bat euskal herritarrekin batera erresistitzen, kendu nahi dioten gizatasunaren alde, itzali nahi dioten ametsaren alde». Izan ere, Barrios Itsasun bizi izan da kontrol judizialpean, azken urteetan. Baigorrin (Baxenabarre) egiten zuen lan.
Berantago, Barrios bizi izan den Arrosadiako auzoan (Iruñea) egin dute manifestazioa 18:00etan, Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel etxera lelopean. Ehunka lagun bildu ziren han ere, euskal presoari ezarri dioten kondena salatzeko eta elkartasuna adierazteko.
Bi hurbilketa gehiago
Bestetik, eguerdian, 200 lagun bildu dira Iruñeko gaztelu plazan Salhaketak, Etxerat-ek, Altsasuko Gurasoek eta Sarek deituta. Euskal presoen sakabanaketa salatu dute; eta oro har bizilekutik urrun kartzelatuak diren presoen hurbilketa aldarrikatu dute. COVID-19ak eragindako osasun krisiak presoen egoeran izan dituen kalteak nabarmendu dituzte. Salhaketako koordinatzaile Libertad Francesek sakabanaketa amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Bestalde, Etxerat-ek jakinarazi du bi euskal preso hurbildu zituztela iragan astean. Fernando Alonso Abad Villabonako (Espainia) espetxetik atera zen herenegun, kanpoan egoteko zazpi eguneko baimena lortuta. Datorren ostiralean, Villabonako espetxetik Martutenekora (Gipuzkoa) lekualdatuko dute, eta han bukatuko du zigorra. Gorka Lupiañez Mintegi elorrioarra, bestetik, Topastik (Espainia) Logroñora (Errioxa) hurbildu zuten iragan ostiralean.