Euskal presoak

Ehunka pertsonak 'haur motxiladunen' aldeko kalejira egin dute Donostian

Sare plataformak salatu du haiek jasaten dutela urruntze politikaren «aurpegirik ilunena».

Porrotxek parte hartu du Sarek Donostian deitutako mobilizazioaren amaiera ekitaldian. JON URBE / FOKU
2019ko abenduaren 28a
18:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gurasoak preso dituzten haurren egoera salatzeko, Sare presoen eskubideen aldeko plataformak kalejira-manifestazioa deitua zuen eguerdirako Donostian. Espainiako Estatuak «ezarritako urrunketa politikaren aurpegi ilunena haur motxiladunek jasaten dute», adierazi du elkarteak. 105 umek dute gurasoetako bat edo biak espetxean, urrunduta; horietatik bost kartzelan daude, haien ama edo gurasoekin. Lau Picassenteko kartzelan (Herrialde Katalanak), eta bat Madrilgo Aranjuezko kartzelan. Haien guztien egoera salatzeko elkartu dira gaur ehunka pertsona.

Haur horietako baten kasuak hartu du protagonismo gehien: Xuarenak. Izan ere, haur jaioberriak kartzelan egoten dira 3 urte betetzen dituzten arte; orduan, gurasoengandik banantzen dituzte. Hori bera gertatuko zaio Xuari urtarrilean. 3 urte beteko ditu, eta Usurbilera (Gipuzkoa) joango da, amonarenera, gurasoak Valentzian utzita. «Gurasoak ikusteko 600 kilometro joan eta 600 kilometro etorri egin beharko ditu asteburuero», salatu du Sarek. Xua Gurasoekin Etxera plataforma sortu dute egoera salatzeko eta aldarrikatzeko hirurek etxera itzuli behar dutela. Izan ere, Xuaren aitak eta amak dagoeneko beteta dauzkate zigorraren hiru laurdenak.

Urtarrilaren 19rako deitu dute hurrengo ekitaldia: Donostiako Atano pilotalekuan egingo dute, eta haur motxiladunak beraiek izango dira protagonistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.