Mobilizazio jendetsuak egin dituzte gaur Baionako eta Bilboko kaleetan, Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak eta Bakegileek antolatuta. Igor Gonzalez Sola euskal presoa hilik agertu zen Martuteneko espetxeko bere ziegan joan den ostiralean, eta ozen salatu dute «espetxe politika krudelak erail» duela.
Baionan, 300 lagun elkartu dira Espainiako Kontsuletxearen aurrean eguerdian, eta manifestazioa egin dute Merkatu plazaraino. Elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza, eta Alain Iriart Hiriburuko auzapeza.
Gure haserrea adierazi nahi dugu gaur hemen. Heriotza hau ekidin zitekeen», adierazi du Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak. «Zer itxoiten du gobernuak bake prozesuari ekarpena egiteko eta gisako tentsio dinamikak saihesteko. Gaur egun ez ditugu bere gizatasuna edo eskuzabaltasuna eskatzen, adimena eta justizia eta bake balioak baizik».
Jendetza bildu da Baionako espainiar kontsulatuaren aitzinean Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatzeko @berria@Artisans_Paixpic.twitter.com/T4M3fbeApQ
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 6, 2020
Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatu da Gonzalez Solaren heriotza salatzeko manifestazio jendetsua, Salbuespen legediak hiltzen du lelopean. Amaierako ekitaldian, instituzio publikoei urrats bat aurrera egiteko eskatu diete, «egoera hau behin betikoz amaitzeko». Hiru puntu zerrendatu dituzte: urruntze politika amaitzea, larri gaixo dauden presoak askatzea eta euskal presoei graduen progresioa ahalbidetzea.
Eusko Jaurlaritzak ohar bat kaleratu zuen atzo. Eskatu zuen «berme guztiekin» ikertzeko Gonzalez Solaren heriotzan gertaturikoa, eta nabarmendu zuen «humanitate gehiagoren eta espetxe politika egokitu» baten beharra dagoela, «gaur egungo euskal gizartearen izaera» kontuan harturik.
Bihar, Sarek beste elkarretaratze bat egingo du Iruñean, Merindadeen plazan, 20:00etan.
Gainera, Bakegileek egun osoko «mobilizazio indartsu bat» egingo dute irailaren 19an.
[Frantziako tourra]
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) September 6, 2020
🚵🚵Soudet gaineko azken kilometroan izanen gira. #mobilizagaitezen#Irailak19pic.twitter.com/2MhMl8f8DO