EHUren nazioartekotzea sustatu nahi du Bengoetxearen plan estrategikoak

Errektoreak gaur aurkeztu du 2026-2028 aldirako plan estrategikoa, eta klaustroko kideen %85en babesa jaso du.

EHUko klaustroaren batzarra, gaur. EHU
EHUko klaustroaren batzarra, gaur. EHU
2026ko martxoaren 16a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko klaustroak bide eman dio 2026-2028 aldirako prestatutako plan estrategikoari. Unibertsitateak jakinarazi duenez, parte hartzaileen %85,5 azaldu dira haren alde. Joxe Ramon Bengoetxea errektoreak aurkeztu du plana, eta zortzi ardatz dituen arren, hiru arlo nagusitan banatu du hura: pertsonak eta komunitatearen zaintza; euskara eta hizkuntza plangintza; eta lurraldea eta nazioartekotzea. Azken horri dagokionez, nazioarteko sareak sustatzearen alde egin du, EHUren tamaina «txikiari» aurre egiteko formula gisa.  

Bengoetxeak, «campus bakoitza bere lurraldean ondo errotuta» egotearen garrantzia nabarmentzearekin batera, unibertsitatearen nazioartekotzea bultzatzeko premia aipatu du, «sareak eta aliantzak» sustatuz. Haren esanetan, Europako unibertsitateak «txikiegiak» dira munduko beste batzuekin alderatuta, eta horren ondorio da, besteak beste, Shanghaiko sailkapenean kontinenteko gero eta zentro gutxiago egotea: «Txinako edozein hiri unibertsitatek gure lako erkidego bat irudikatzen du».

Horren aurrean, ezinbestekotzat jo du unibertsitateak saretzea eta aliantza estrategikoak garatzea. Aliantza horiek norabide askotan irudikatu ditu Bengoetxeak. Hala nola, euskaraz aritzen diren gainerako unibertsitateekin zein Galizia eta Herrialde Katalanetako unibertsitateekin, baina baita Atlantikoko ardatzean edota Latinoamerikako sarean daudenekin ere.

Hala, EHUko errektoretzak uste du EHUk «euskaratik bizi» behar duela, «baina gainerako hizkuntzetara irekita». Hala, «euskaraz lan, ikasi eta ikertzeko gaitasuna» duen unibertsitate bat defenditu du, baina beste hizkuntza batzuetan egiten den lan zientifikoari ere bide emango diona.

Unibertsitateko komunitateari erreparatuz, berriz, Bengoetxeak nabarmendu du indar berezia egin dutela «lan eta ikasketa baldintzak hobetzeko neurriak» ezartzeko garaian, eta espero du horrek balio izatea komunitatearen ongizatea bermatzeko zein «komunitatea egiten jarraitzeko pertenentzia sentimendua areagotzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA