«EHUren tamainako» ekitaldia egin dute San Mamesen, gradu eta graduondoko amaiera ospatzeko

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako 3.500 ikasle baino gehiago egon dira ekitaldian. Lehen aldia izan da EHUk halako ekitaldi bat antolatzen zuena.

EHUren ekitaldia, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
EHUren ekitaldia, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko ekainaren 12a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«44 metroko eszenatokia, 26 metro pantailetan, 3.700 aulki, lau zuzeneko emankizun, sei EHUalumni sari, hogei dekano eta zuzendari, 200 doktoreko taldea...». Halako handitasuna eman nahi izan diote aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko Unibertsitateko gradu eta graduondoko amaierako ekitaldiari, Bilboko San Mames estadioan. Bateratua izan da ekitaldia, fakultateen artekoa, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikasleak batu baititu; 3.500 ikasle baino gehiago.

«Proiektu berritzaile eta anbiziotsua» izan da, antolatzaileen arabera, «EHUren tamainakoa». Hain zuzen ere, lehen aldia izan da EHUk halako ekitaldi bat antolatzen zuena. Bertaratu dira ikasketak amaitzera doazenak, baita izena eman berri duten ikasleak ere. 16:00 aldera iritsi, eta San Mamesen lekua hartu dute, emeki-emeki. Zelaira sartzeko lau ate nagusietara bideratu dituzte, fakultateka banatuta.

Ekinaldiaren indar sinbolikoari ez ezik, alde estetikoari ere garrantzia eman nahi izan diote. Zelai inguruan hiru photocall ezarri dituzte, ikasleek «egun handia betikotzeko aukera» izan zezaten senide, lagun eta ikaskideekin batera. Gainera, sartu aitzinetik, «ezagutza arloko banda akademikoa» janzteko aukera izan dute ikasleek, baita txapel bana ere.

Gero abiatu da zeremonia, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren eskutik. Eta heldu diote gaualdiari: sarien banaketa, ikasketak amaitzera doazen ikasleentzako omenaldia, Joxe Ramon Bengoetxea errektorearen hitzaldia... Zuzeneko musika eta bertsoak ere izan dira: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nogen, Sol Band Gaza, eta Eñaut Elorrieta eta Janus Lester aritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE