Eibar memoria demokratikorako leku izendatzeko ekitaldi ofiziala egin dute

Duela 95 urte aldarrikatu zen Espainiako Bigarren Errepublika, eta Eibar izan zen lehen udala hori egiten. Horrez gain, Alemaniako eta Italiako hegazkinek 29 aldiz bonbardatu zuten hiria; «borrokaren sinbolotzat» jo dute gaur.

Ekitaldi ofiziala Eibarko Udaletxearen aitzinean, gaur. JAVIER ETXEZARRETA /EFE
Ekitaldi ofiziala Eibarko Udaletxearen aitzinean, gaur. JAVIER ETXEZARRETA /EFE
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 14a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Efemeride eguna da gaur: 95 urte bete dira Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik. Joan den astean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuaren Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak memoria demokratikorako leku izendatuko zutela Eibar (Gipuzkoa), eta gaur egin dute ekitaldi ofiziala. Arrazoi sendoak daude izendapen horretarako: 1931ko apirilaren 14an 06:00etan aldarrikatu zuen Eibarrek errepublika, eta lehen udala izan zen hori egiten. Gainera, Espainiako Gobernuaren irudiko, 36ko gerran Eibar izan zen Euskal Herrian zigor handienetarikoa jaso zuen hiria, Alemaniako eta Italiako hegazkinek 29 aldiz bonbardatu baitzuten.

Hainbat kidek hartu dute parte ekitaldian: Jon Iraola Eibarko alkateak, Pablo Bustinduy Espainiako Kontsumo ministroak —Gregorio Bustinduy, aldarrikapen akta sinatu zuen zinegotzietako bat, haren birraitonaren lehengusua zen—, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Arritxu Marañon Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak, eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako diputatu nagusiorde eta Jasangarritasun diputatuak, bertzeak bertze. Eibarko udaletxearen aitzinean egin dute ekitaldia, eta oroigarri bat jarri dute horman, hiria memoria demokratikorako leku izendatzen duena ofizialki.

Iraolak adierazi du «askatasunaren, demokraziaren eta konstituzionalismoaren aldeko borrokaren sinbolo» dela herria, gerraren eta errepresioaren «basakeriatik» bizirik atera zelako. Bide batez, aitortu du memoria gune izendatzea aitortza bat dela hiriarentzat, «historiaren funtsezko garai batean protagonista izan zen hiria ohoratzeko modu bat». Halaber, «oroitzeko eta memoria egiteko» eskaera egin du, argudiatuta memoria kolektiboan sakontzea «erreparazio ariketa bat dela gizarte osasuntsu, errespetuzko eta kohesionatu baterako bidean».

Businduyk hartu du hitza jarraian, eta hark ere «askatasunaren eta borrokaren sinbolo berezitzat» jo du Eibar. «Bizitza eta ausardia ospatzen ari gara hemen, gaur garena apirilaren 14 hartan izandakoen fruitua baita». Gizarteari so jarri da gero, eta hainbat aukera atera ditu mahai gainera: «Erreakzioak onartu, ultraeskuinaren sirena hotsak entzun, eta gure garaipena onartu dezakegu, edo errebeldiara batu gaitezke». Eta, hain justu, errebeldia horren adibidetzat hartu du Eibar. «Nahikoa dela esaten duen gizarte baten errebeldia dago hemen; irabazi, gobernatu eta jendearen bizitza hobetu nahi dutenen errebeldia. Hau da apirilaren 14ak utzi digun ondarea», erran du.

Ahal Dugu-ren lore eskaintza Irunen

Ahal Dugu-k ere ospatu du efemeridea, eta lore eskaintza bat egin du Irungo (Gipuzkoa) Etorbideko zubiaren ondoan. Izan ere, toki hori ere aurten izendatu dute memoria demokratikorako gune. Josetxo Arrieta Ahal Dugu-ko senatari ohiak eta Miren Etxebeste Gipuzkoako Batzar Nagusietako Elkarrekin koalizioko ordezkariak hartu dute parte, eta adierazi dute errepublika exijitzea «jendearen kezkei erantzutea» dela. «Egungo erregimena eta hura kudeatzen eta sostengatzen duen oligarkia inpugnatzen dugu, ahaztu gabe haren zati batek abizen euskaldun asko dituela».

Aldarrikapenez harago instituzionalizazioaren gaineko prozesu politiko bat irekitzeko eskatu dute. Zehazkiago, «estatu federal edo konfederal bat», estatuaren buruzagitza herritarrek aukeratuko dutena, eta herritarrak parte hartzera bultzatuko dituena. «Hori demokraziaren izaera bera da», erran dute. «Errepublika memoria demokratikoa da, eta etorkizun demokratikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA