Datorren apirilaren 14an 95 urte beteko dira Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik, eta efemeride berezia izan ohi da Eibarren. Gaur, Espainiako Gobernuaren Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak hartutako erabaki bat argitaratu dute Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean: Eibar memoria demokratikorako leku izendatu dute.
Ebazpenean bi arrazoi azpimarratzen dira martxoaren 10ean hartutako erabakia justifikatzeko. Batetik, 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeen ondotik sortutako udal berriak apirilaren 14ko 06:00etan aldarrikatu zuela Espainiako Bigarren Errepublika, eta hori egin zuen lehen udala izan zela.
Alejandro Telleria alkate izendatu berriak eta gainerako hautetsiek, udaletxeko balkoira atera, eta errepublikaren bandera altxatu zuten lehen aldiz, plazan bilduriko jendetzaren aurrean. Arratsalde hartan erregetza utzi zuen Alfonso XIII.a Espainiako erregeak, eta, albistea jakin bezain azkar, musika etenik gabe jotzeko agindu zion udalak musika bandari, eta plazaren izena aldatu zuen: Alfonso XIII.a plaza zenari Errepublikaren plaza izena jarri zioten.
Bestetik, ebazpenean aipatu dute Eibar izan zela 36ko gerran Euskal Herrian zigor handienetarikoa jaso zuen hiria, Durango eta Gernikarekin batera. Frankisten aginduetara ziren Alemaniako eta Italiako hegazkinek 29 aldiz bonbardatu zuten. «Durango, Gernika eta Eibarren aurkako bonbardaketek agerian utzi zuten Bilbo okupatzeko helburu estrategikoaz haragoko logika bati erantzuten ziotela».Â
Ebazpenak zehaztu du, halaber, Eibarrek errepublikari leial iraun zuela militarrek estatu kolpea eman eta gero ere. Zazpi hilabetez eutsi zion, eta 1937ko apirilean abiatu zuten hiriaren kontrako ofentsiba. Testuak gogorarazten duenez, gudaroste frankistek herritar ugari hil zituzten, eta azpiegiturak suntsitu. 1937ko apirilaren 24an, Italiako hegazkin batek bonba bat jaurti zuen Ego Gain aterpearen aurka, eta 70 pertsona hil zituen. Bi egun geroago, Condor legioaren hegazkinek Eibarren kontra egin zuten Gernikan erabilitako metodo bera baliatuz.
Ebazpenean adierazi dutenez, Eibar «leku berezia» da «gerraren eta jazarpenaren kontrako eta askatasunaren, demokraziaren eta konstituzionalismoaren aldeko borrokan». Hala, Eibar memoria demokratikorako leku izendatu dute. Dokumentuan zehaztu dutenaren arabera, Espainiako Gobernuak nazioartean memoria demokratikoaren alde egiten ari den bestelako jardueren adibideetako bat da Eibarrekoa.Â
Â