Eider Mendozak «energia eta gogoa» ditu EAJren Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko

Mendozak adierazi du «goizegi» dela jeltzaleen hautagaia izango ote den esateko, eta adierazi du aldundiak esku artean dituen erronketan zentratuta dagoela.

Mendoza, gaur goizeko ekitaldian, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Mendoza, gaur goizeko ekitaldian, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Iosu Alberdi.
2026ko abuztuaren 28a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak EAJren esku utzi du maiatzeko foru hauteskundeetan jeltzaleen zerrendaburu gisa berriz ere bera aurkezteko aukera, baina argi utzi du baduela horretarako asmoa: «Ez naiz ezkutatuko hala nahi badute; nik, behintzat, baditut energia eta gogoa instituzio honen lidergoan jarraitzeko».

Gipuzkoako Foru Aldundiak ateak irekitzeko beste jardunaldi bat egin du gaur goizean Foru Jauregian, eta Mendozak ekitaldiari ekin aurretik egin ditu adierazpen horiek komunikabideen aurrean. Bederatzi hilabete geratzen dira hauteskundeetarako, eta, haren esanetan, «oraindik goizegi da» ahaldungai nagusi izango ote den baieztatzeko. EAJren barne prozesua «errespetatu» behar dela adierazi du, baina ez dio izkin egin karguari eusteko nahiari.

Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunetan zentratuta dagoela adierazi du, «zailtasun eta erronka asko» dituztelako esku artean. «Mundua asko eta oso azkar ari da aldatzen, eta foru instituzioan lanean ari gara gobernantza kolaboratiboaren bidez ditugun erronka garrantzitsuei aurre egiteko», esan du.

Mendoza 2019ko foru bozen ostean iritsi zen Gipuzkoako Foru Aldundira, eta Gobernantza diputatu eta eledun izendatu zuen Markel Olano ahaldun nagusiak. Hain zuzen, hari erreleboa hartu zion 2023ko hauteskundeetan, EAJren Gipuzko Buru Batzarrak ahaldungai nagusi izateko proposatu eta alderdikideen babesa jasota. Bozetan EH Bildu izan zen lehen indarra, baina PPren babesari esker, EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernu bat eratu zuten, Mendoza buru.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA