Bi urte iragan dira Hego Euskal Herrian foru eta udal hauteskundeak egin zirenetik, eta EITB Focusek herritarrei galdetu die nola baloratzen dituzten erakundeak eta haien agintariak. Lau hiriburuetako alkateei dagokienez, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak (EAJ) eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak (EH Bildu) azterketa gainditu dute: Asironek 5,8 atera du, eta Aburtok 5,4.
Maider Etxeberria Gasteizko alkateak (PSE-EE) 4,8 atera du, eta Eneko Goiak (EAJ), Donostiakoak, 4,5. Euren alkatea ezagutzen al duten ere galdetu diete, eta Aburto da ezagunena: %61,9k ezagutzen dute. Asiron, berriz, %59,3k, Goia %54,5ek, eta Etxeberria %51,4k.
Udalerri ertainetan, Andu Martinez de Retuerto Tolosako alkateak (EH Bildu) atera du notarik hoberena. EITB Focusek galdekatutako tolosarren %79,3k ezagutzen dute, gainera. Basauriko alkate Asier Iragorrik (EAJ) eta Aguraingo Raul Lopez de Uraldek (EH Bildu) 6,7 atera dute.
Galdera bera egin dute EAEko hiru diputazioetako ahaldun nagusiez, eta guztiek gainditu dute azterketa. Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak 6 atera du, Eider Mendozak 5,6, eta Ramiro Gonzalezek 5,4.
Erakundeei dagokienez, euskal herritarrek instituzio guztien balorazio ona egin dute. Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek 6,4 atera dute; udalek 6; Nafarroako Gobernuak 5,7; Europako Batasunak 5,3, eta Espainiako Gobernuak ozta-ozta gainditu du, 5 atera baitu.
Etxebizitza, kezka nagusia
Inkestak herritarren kezkei ere erreparatu die. Oro har, herritarrek ontzat jotzen dute euren bizi kalitatea, eta, batez beste, 7,6ko nota ezarri diote 10etik, baina badira kezka nabarmen batzuk. Inkesta gehientsuenetan bezala, etxebizitza eta osasungintza ageri dira lehen postuetan. Herritarren %19,9k eta %19,5ek aipatu dituzte. Horien ostean, udalei begirako beste kezka nagusia segurtasunari lotutakoa da (%15,7).
Halere, hiriburuaren arabera, ordena aldatu egiten da. Donostian, etxebizitza da arazo nagusia herritarrentzat; hala uste dute %37,9k. Bilbon eta Gasteizen segurtasun arloari erreparatu diote gehien. Bilbon nabarmenagoa da; herritarren %42,5ek aipatu dute kezka iturri nagusitzat. Gasteizen, berriz, segurtasunarekin batera (%22,3), parez pare ageri dira osasuna (%22,1) eta etxebizitza (%21). Iruñean, osasungintza da kezka nagusia (%28,7).
EITB Focusek telefono bidez egin die inkesta lau lurraldeetako 3.871 herritarri, maiatzaren 5etik 21era: 871 arabarri, 1.200 bizkaitarri, 1.200 gipuzkoarri eta 600 nafarri.