Pizkundearen bigarren txinparta piztuko du Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an: Euskaltzaleon Martxa egingo du Iruñean, «euskaltzaletasunaren indarra» irudikatzeko, eta herritar guztien ekarpena beharrezkoa dela nabarmentzeko. «Ondo gorde data», esan du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Bilbon erakundeko ordezkariez eta eragileez inguratuta egindako agerraldian: «Euskarari etorkizuna eman nahi diozuen guztioi dei egiten dizuegu ekainaren 13an gurekin Iruñean izan zaitezten».
Iazko abenduaren 27an Bilbo Arenan izandako Pizkundea ekitaldiaren jarraipena izango da Iruñeko martxa. Izan ere, euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan direla ohartarazia du Kontseiluak, «agortze zantzuak» direla euskara normalizatu eta biziberritzeko prozesuan, eta «atzeraldiaren arriskua handia» dela. «Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta, XXII. mendera bizirik eramango badugu, pizkunde berri bat eragin behar dugu guztion artean», nabarmendu du Eskisabelek gaur berriz.
Hiru tokitatik
Ziklo berria abiatzeko euskaltzaleen «giharra indartzea» ezinbestekoa delakoan, milaka lagun bildu nahi dituzte Iruñean, bigarren txinparta pizte aldera. Ekainaren 13an egingo dute Euskaltzaleon Martxa, larunbatarekin, arratsaldez. «Iruñeko kaleak betetzeko», hiru tokitan bilduko dira euskaltzaleak, eta horietatik egingo dute Ziudadelara bitarteko bidea. Hiru zutabe horiek Pizkundea-ren hiru osagaiak edo oinarriak ordezkatuko dituzte: bat, hizkuntza politiketan jauzia egiteko, erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituzte; bi, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osora zabaltzea aldarrikatuko dute; eta hiru, egunero euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia nabarmenduko dute.
Xehe ekarri ditu gogora hiru puntuok Eskisabelek. Hizkuntza politiketan «paradigma aldaketa bat» behar dela azaldu du, «ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara normal erabiltzeko baldintzak ipar izango dituena», eta mahai gainean jarri ditu Batuz Aldatu dinamikaren bidez erdietsitako adostasunak eta proposamenak. Horretarako, era berean, ezinbestekotzat jo du euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan bermatzea: «Estatus juridikoari dagokionez, lurzoru irmoa behar dugu». Eta, azkenik, oroitu du «euskaltzaletasunaren indarra» ere premiazkoa dela, «euskararen auzia lehen lerrora ekartzeko prest dagoen herritarren mugimendua, atxikimendua, aktibazioa, giharra».
«Euskarari etorkizuna eman nahi diozuen guztioi dei egiten dizuegu ekainaren 13an gurekin Iruñean izan zaitezten»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Indartze horretan euskaltzaleek «elkarguneak» behar dituztela gaineratu du Eskisabelek, «elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkarrekin antolatzeko bidea emango diguten uneak eta guneak». Pizkundea izan zen lehena, eta Euskaltzaleon Martxa hurrengoa izatea nahi du Kontseiluak. Indar erakustaldi bat izatea espero du Eskisabelek: «Pizkunderako behar ditugun baldintzak aldarrikatzeko gunea. Euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat. Euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bultzada».