Ekaineko bero bolada hilabete horretan inoiz izandako luzeena izan dela esan du Euskalmetek

Ekaina «oso beroa» izan dela ondorioztatu du meteorologia zerbitzuak. Datozen egunetan tenperatura berotuz joango da berriro Euskal Herrian, eta astelehenena izango da egunik beroena.

Termometro bat bero boladan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Termometro bat bero boladan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 2a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin ekaina amaituta, Euskalmet meteorologia agentziak hilabeteko datuak aztertu ditu, eta ondorioztatu hilabetea «oso beroa» izan dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, azaldu du ekainean inoiz ez zela hain bero bolada luzerik jazo. Izan ere, bero boladak ekainaren 21etik 27ra jo zuen Euskal Herria. 1970. urtetik hona izan den ekainik beroena izan da, 2025eko eta 2003ko ekainak gaindituta, 0,6 gradu beroagoa izan baita aurtengoa.

1991 eta 2000 bitarteko batezbestekoarekin alderatuta, 3,7 gradu beroagoa izan da aurtengo ekaina. Hilaren 24a izan zen egunik beroena, eta Sodupen (Bizkaia) 44 graduko tenperatura gainditu zen (44,1ºC). Bizkaiko beste bost estaziotan 43 gradu baino gehiago neurtu zituzten egun hartan.

Gauak ere oso beroak izan direla nabarmendu du meteorologia agentziak, batez ere ekainaren 22koa eta 24koa. Hezetasunaren eta ganduaren eraginez, bestalde, bero sentsazioa are okerragoa izan zela ere azaldu dute, eta horrek gauetan atsedena hartzea zaildu zuela nabarmendu.

Hilabete lehorra

Bero boladaren ostean ekaitz asko izan badira ere, hilabetea orokorrean ohi baino lehorragoa izan dela azaldu du Euskalmetek. Gainera, euriteak eskualde batzuetan kontzentratu direla ikusi dute, Donostialdean eta Tolosaldean bereziki, baina Arabako eremu askotan plubiometria oso urria izan da, pilaketak ez baitira hamar milimetrora ere iritsi.

Alertei dagokienez, guztira 24 abisu hori aktibatu zituen Euskalmetek, hamabi laranja eta hiru gorri. Ia denak ekainaren bigarren hamabostaldian pilatu zirela azaldu dute, bero boladen, sute arriskuen eta ekaitzen ondorioz, batez ere.

Egun hauek freskoak izaten ari badira ere, gutxinaka berotuz joango da, eta asteburuaren amaieran eta datorren astearen hasieran bero egingo du. Larunbatean, adibidez, Gasteizen, Iruñean eta Guardian (Araba) 30 gradutik gora egingo ditu, eta espero da egunak igaro ahala 40 gradutik gorako tenperaturak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA