Asteazken arratsaldean heldu zen Ekaitz Sirvent Mont-de-Marsango kartzelara. Aurretik, duela bi aste Reaukora lekualdatu zuten Tarascondik. 2009an atxilotu zuten Sirvent, Parisko Montparnasse geltokian, ETAko kide izatea egotzita. Hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Sirventekin, hamar dira Frantziak Mont-de-Marsanera eta Lannemezango espetxeetara hurbildu dituen euskal presoak. Apirilaren hasieran Etxerat-ek jakinarazi zuenez, Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia preso bilbotarrak Lannemezango espetxera eraman zituzten.
Aurrez, otsailean eta martxoan Julen Mendizabal, Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria eraman zituzten Mont-de-Marsanera. Joan den hilabetearen amaieran, berriz, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain lekualdatu zituzten Saint-Maurreko espetxetik Lannemezangora.