Ekaitzak kalteak eragin ditu Bizkaian eta Gipuzkoan

Gogotik egin du kazkabarra, eta hainbat herritan kalte materialak eragin ditu. Aztertzen ari dira Igorre hondamendi eremu izendatzea

Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Euri jasak, txingorra eta ekaitzak. Eguraldi gorabeheratsua izan da azken egunetan Euskal Herrian. Herenegun arratsekoa bereziki larria izan zen Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait eremutan, eta kalteak zenbatzeko eguna izan zuten atzokoa.

Ikusi gehiago: «Ekaitza espero baino gogorragoa izan zen, batez ere txingorraren tamainagatik»

Igorre (Bizkaia) da herririk kaltetuenetariko bat. «Kalte handiak» izan dituzte herrian, bertako alkate Olatz Urkizaren esanetan. Txingor erauntsiaren ondorioz, pertsona bat artatu behar izan zuten: «Atzo [astelehenean] harekin berba egiteko aukera eduki genuen, eta ondo dagoela esan zigun. Parte horretatik, lasai gaude».

Alabaina, kalte materialak ere ez dira nolanahikoak izan. Hitz gutxi behar ditu Urkizak egoera deskribatzeko: «Kotxeetan, etxeetan, teilatuetan... Kalte handiak jasan ditu herriak. Hainbat enpresak ere ondorioak jasan dituzte, eta zerratu egin behar izan dute gaur [atzo]». Eraikin publikoei, baina, ez die hainbesteko kalterik egin: eguzki panel batzuk apurtu zaizkie kiroldegian, baita Udaltzaingoaren autoa ere.

Eta orain, zer? Urkizak azaldu duenez, kontaktuan jarrita dago Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eta aztertzen ari dira ba ote dagoen modurik herria hondamendi eremu izendatzeko.

Ermua (Bizkaia) ez dago oso urrun Igorretik. Bertan ere gogotik egin zuen euria herenegun, baina ez dute kalterik izan. Juan Carlos Abascal alkatearen arabera, ordu erdi inguruan bota zuen euria, eta, dakitenez, ez da aparteko kalte materialik egon: «Komertzioren batera sartu zen, baina 3-4 zentimetro; ez ezer larririk». Gainontzean, azaldu duenez, udalari ebaluazio bat egitea tokatzen zaio, kaleren batean lokatza zegoelako. «Baina ezer gutxi», gehitu du.

Putzuak eta uholdeak

Eibar eta Igorre ez dira ekaitzak kalte egindako herri bakarrak izan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bizkaian, Urko ibaiak gainezka egin zuen, eta «txingor erauntsi handiak» izan ziren Igorren, Berrizen, Iurretan eta Durangon, eta kalteak eragin zituen ibilgailuetan. AP-8 errepidean, Zornotza inguruan, zenbait auto gelditu egin ziren jasagatik. Gainera, putzuek arazoak sortu zituzten Muskizen, Barakaldon, Erandion, Sopelan, Ortuellan, Abanton, Santurtzin, Trapagaranen, Erandion, Lemoan, Berriatuan, Lekeition eta Orozkon.

Halaber, zuloak eta luiziak gertatu ziren beste zenbait herritan: Etxebarrin, Berriatuan, Laukizen, Mendexan, Elorrion, Markina-Xemeinen eta Mallabian.

Gipuzkoan, berriz, kalteak ez ziren hain larriak izan. Ur putzuak izan zituzten, esaterako, Donostian, Getarian, Elgetan eta Mutrikun. Gainera, urak gainezka egin zuen Donostian, Errenterian, Astigarragan, Azkoitian, Mutrikun eta Eibarren, eta zuhaitz bat erori zen Zerainen.

Atzo ere egin zuen euria, eta abisu horian egon ziren Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Gaurko ez da espero horrelako euri jasarik, eta ez dago alertarik ezarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.