Zaporeak erakundeak Sirian bizi diren eta lurrikararen biktima izan diren errefuxiatuentzako elikagai bilketa egingo du larunbatean Euskal Herrian. Gasteizen, Marianitas ikastetxean egingo dute, eta Donostian, San Martin Azokan, 9:00etatik 15:00etara; Iruñean, La Morean eta Matesan aparkalekuan izango da, 10:00etatik 14:00etara. Bilbon, Deustuko Unibertsitatean egingo dute janari bilketa, eta otsailaren 10etik 20ra luzatuko da. Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetan ere egingo dute, hala nola Sestaon (Bizkaia), Markina-Xemeinen (Bizkaia), Oñatin (Gipuzkoa) eta Eibarren (Gipuzkoa).
Bilduko dituzten elikagaiei dagokienez, elikagarriak diren jakiak bidali nahi dizkiete bereziki. Hala, bost motatakoak izango dira: txerri haragirik gabeko lekale kontserbak, arrain kontserbak, arroza, pasta eta esnea. Turkiako mugatik gertu dauden Siriako errefuxiatu guneetara helarazi nahi dituzte elikagaiak, lurrikara alde batera utzita gerrak suntsitu duen lurraldea ere badelako. Errefuxiatuen gune horietan bizi direnetako batzuk, hain zuzen, Greziako Kios uharteetan egondakoak dira.
GBGEko boluntarioak
Galdakaoko (Bizkaia) GBGE taldeak lurrikararen biktimentzako elikagaiak, arropa eta oinetakoak biltzeko kanpaina hasi du gaur. Galdakaoko Santi Brouard plazako lokaletan jarri du dohaintzak jasotzeko gunea, eta, gainera, hori guztia Turkiara eta Siriara bidaltzeko dirua lortzeko bi kontu ireki ditu. Galkorrak ez diren jakiak, haurtxoentzako elikagaiak eta arropa, eta eskuzapiak eskatu dituzte bereziki.