1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko urte berezia izango da 2026a, 50 urte beteko baitira Polizia Armatua Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzarra egiten ari ziren langileen aurka oldartu eta bost lagun hil eta ehundik gora zauritu zituenetik. Urteurren borobil hori oroitzeko, ekitaldi sorta bat antolatu du Martxoak 3 elkarteak, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Urte osoko programa izango da, justizia eta erreparazioa aldarrikatzea helburu izango duena. Horien artean, nabarmentzekoa da otsailaren 28ko ekitaldia, biktimak omentzeko eta hamarkadetako borroka aitortzeko Europa Biltzar Jauregian egingo dutena; elkarteak propio eta bere kasa antolatzen duen lehena izango da.
Programa guztiz itxi gabe dago oraindik, baina gaur eman dute ekitaldi nagusien berri, Gasteizko udaletxean egindako agerraldi batean. Izan ere, programa EH Bilduk, EAJrekin eta PSE-EErekin Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko egindako akordioari esker osatu du elkarteak. Koalizioaren eskariz 61.000 euroko diru sail bat gorde baitzen horretarako. Bada, Rocio Vitero EH Bilduren bozeramaileak esan du «harro» daudela ekinaldi hori akordioan jasotzea lortu zutelako, eta nabarmendu du horri esker biktimena izango dela «gidaritza» urteurreneko ekitaldietan.
Pascual Borja Bizikidetza zinegotziak azpimarratu du, bestalde, udalak «memoriaren transmisioan eta berreskurapenean» jarri nahi dutela arreta urteurreneko ekitaldietan. «Iragan hori oroitzea da kultura demokratikoa indartzeko modurik onena gaur egungo ukazio, bazterketa eta intolerantzia diskurtsoen aurrean», adierazi du. Eta zehaztu du programa «parte hartzailea eta plurala» izango dela, hiriko askotariko elkarteak, herri mugimenduak eta erakundeak batuko dituelako.
Hain zuzen ere, Gasteizko kultur eragileak izango dira protagonista nagusiak, literaturaren, musikaren, zinemaren eta beste hainbat arte diziplinaren bidez oroituko baitute 1976ko sarraskia. Martxoak 3 elkarteak aitortza egin nahi die horrela, sormenaren bidez ekarri dutelako gaurdaino hildako langileen aldarrikapena eta memoria. «Azken urteetan instituzioek aurrerapausoak eman dituzten arren, Gasteizko herria da Martxoaren 3ko memoria eta borroka azken 50 urteetan bizirik mantendu duena, eta memoria lan horretan oso garrantzitsua izan da ez bakarrik mugimendu herrikoi, sozial eta sindikalen lana, baita kulturatik diziplina guztietan egin den ekarpena ere», azpimarratu du Martxoak 3 elkarteko eledun Nerea Martinezek.
«Guretzat errekonozimendu duin bat ez da hutsik dagoen eliza bat berriz irekitzea, baizik eta benetako aurrerapausoak ematea memoriaren eraikuntzan. Eta hori ez da gertatzen ari»
NEREA MARTINEZÂ Martxoak 3 elkarteko eleduna
Hala, urtea amaitu aurretik literatura lehiaketa bat antolatuko dute, eta urtarrilean erakusketa bat zabalduko dute munduko hainbat txokotako memoria euskarriei buruzkoa. Otsailean, berriz, prentsari eta desinformazioari buruzko jardunaldi batzuk egingo dira, sarraskia orduan eta hurrengo urteetan nola jaso zen aztertzeko. Apirilean, langile mugimenduari buruzko zinema ziklo bat egingo dute. Eta, datarik iragarri ez badute ere, urte hasieran aurkeztuko dute film labur berria; filmatu dute jada, eta edizio lanetan ari dira orain.
Edukiak, elizaren aurretik
San Frantzisko elizarako bisita bat ere antolatu nahi dute, baina ikusteko dago egin ahalko duten. Izan ere, Gasteizen egin den arkitektura biurtekoaren barruan Peña Gantxegi arkitektoaren fundazioaren eskutik egin nahi zuten, baina ezin izan dute, eliza egoera kaskarrean dagoelako. «Urrian egin nahi genuen, baina oraintxe ezin da, arriskutsua delako. Baina 2026an zehar egitea espero dugu», esan du Amaiur Arbe elkarteko eledunak.
Jaurlaritzaren nahia zen, halaber, urteurreneko ekitaldiak sarraskia gertatu zen elizan bertan egitea. Martxoak 3 elkarteak adierazi du, ordea, ez dutela beharrezkotzat ikusten hori. «Guretzat errekonozimendu duin bat ez da hutsik dagoen eliza bat berriz irekitzea, baizik eta benetako aurrerapausoak ematea memoriaren eraikuntzan. Eta hori ez da gertatzen ari», esan du Martinezek.
Hilarri itxurako ukabila
1976ko sarraskiaren urteurrena dela eta, elkarteak logo berri bat ere aurkeztu du. Zaramaga auzoan, San Frantzisko elizaren ondoan modu klandestinoan jarri zen monolitoan oinarritu dira hura egiteko. Ukabil baten itxura du, baina euskal hilarri tradizional baten forma batekin. 50 zenbakia ageri da erdi-erdian, eta behean, 1976-2026. Memoria, herriaren indarra leloa. Hain zuzen ere, bost hamarkadaren ondoren «zauriak irekita jarraitzen duela» gogorarazi nahi du irudiak.
Gogoratu du duela bost urte sinatu zutela akordioa, eta harrezkero ez dela «aurrerapauso nabarmenik» eman. Eta salatu du, halaber, irailean zirela Jaurlaritzarekin bilera egitekoak memorialaren edukiak adosteko, baina ez direla elkartu. «Orain arte mahai gainean dagoen bakarra da Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak egin duguna». Hala ere, ziurtatu du elkarteak lanean eta materiala biltzen jarraitzen duela, Gogora institutuarekin adostutako lankidetza hitzarmenean jasota dagoen bezala.