Eguzki eklipseak zeresana eman du azken egunetan Euskal Herrian eta atzerrian, eta, hura ikusteko nahia asetze aldera, milaka lagunek betaurrekoak eskuratu dituzte. Horietako batzuk, baina, «akastunak» izan daitezkeela jakinarazi du Facua kontsumitzaileen elkarteak. Are gehiago, elkarteak gaur adierazi duenez, sei modelo merkatutik kendu dituzte arriskutsuak izan daitezkeelako. Lionstar, ECP Eye Care Professional, Pelispan, Homenaje, Orro eta Opticalia enpresenak dira betaurreko horiek.
Euskal Herrian ez da izan betaurreko akastunekin lotutako salaketarik, baina Espainiako zenbait autonomia erkidegotako kontsumo organoek horien berri eman dute: Madrilek, Gaztela eta Leonek, Errioxak eta Aragoik, hain zuzen; salaketak egon dira Galizian ere. Horiek horrela, Facuak ohartarazi du «azken hilabeteetan erositako zein opari gisa jasotako produktuak kaltegarriak» izan daitezkeela.
Betaurreko horien arazo nagusia zera da, ilunegiak direla. Azaldu dutenez, erabiltzerakoan «dena ilun» ikusiko da; eta eguzkia non dagoen jakitea ezinezkoa zaienez, «erabiltzaileek momentu batez kendu eta eguzkiari begira jarriko direla aurreikus daiteke». Berriz ere betaurrekoak jartzeko beharko dituzten segundo horietan, erretinako zelulak kaltetu daitezke.
Lionstar, Homenaje eta Orro markei dagokienez, modelo jakin batzuk aipatu dituzte. ECP Eye Care Professional, Pelispan eta Opticaliari dagokienez, bestalde, eklipserako komertzializatu dituzten betaurreko denei eragiten diela azaldu dute.
merkatutik kendutako modeloak
Lionstar: LSP1
Homenaje: QW-50Z1
Orro: O37-R. 2603-01 sortakoak soilik.