«Muga porrot eginiko proiektu bat da, eta oinarri ahulak ditu». Nafarroako eta Aragoiko talde ekologistek zalantzan jarri dute Zangozako Muga meategiaren etorkizuna, Txinako Qinghai enpresak proiektuan 270 milioi euroren inbertsioa egiteari uko egin ostean. Ohar bateratua argitaratu dute Ekologistan Martxan elkarteak, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Onsellako (Aragoi, Espainia) eta Erreniegako potasa meategien aurkako plataformak, eta, hartan, hau eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta gainerako administrazioei: «Utz diezaiotela proiektu bideraezin hori elikatzeari, ez baitio interes orokorrari mesede egiten».
Hiru elkarteok «pozteko modukotzat» jo dute Txinako inbertitzaileen erabakia, «ez funts eta enpresa horien izaerarekin eta diruzalekeriarekin bat egiten dugulako, baizik eta erabaki honen logikak agerian utzi duelako proiektu hau garatzeko arrazoiak erabat hutsalak zirela, guk aspalditik salatua genuen bezala».
Geoalcalik eta Nafarroako Gobernuak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute egunotan, eta adierazi beste inbertitzaile batzuk bilatuko dituztela Qinghai enpresak utzitako hutsunea betetzeko. Hala ere, Ekologistak Martxan, Sustrai Erakuntza eta gainerako taldeen irudiko, hori «kolpe gogorra» izan da «proiektuaren sinesgarritasunari eta bideragarritasunari» dagokienez. Agiria sinatu duten taldeen esanetan, «oso konplikatua» izanen da inbertsioa bere gain hartuko duten enpresak topatzea: «Muga meategiaren hamalau urteko tramitazioa ez da nahikoa izan talde inbertitzaileak konbentzitzeko. Zerbaitegatik izanen da. Muga meategiaren proiektua barrutik janda dago, ziurgabetasun juridikoak, politikoak eta ekonomikoak higatuta. Hori nahikoa izan da talde inbertitzaileak atzera egiteko; eta ziurrenik, zalantzak eraginen dizkie ager litezkeen enpresei».
Talde ekologistek gogorarazi dute Zangozaldean potasa ustiatzeko proiektua «sare judizial batean korapilatua» dagoela, auzitegien ebazpenen, baimenen eta ebaluazioen zain, eta epaileek kolokan utzi dutela haren bideragarritasuna: «Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen ustiapen baimenetako bat [...]. Horrez gain, epaian jasota dago gabezia handiak daudela ingurumen eraginari buruzko txostenean, eta garrantzi handiko puntu asko daudela ebaluatu gabe; besteak beste, arrisku geologiko eta sismikoak, eta langileen segurtasuna».
Proiektua «susmopean»
Ustiapen baimenaren tramitazioan antzemandako gabeziak alde batera utzita ere, sinatzaileek uste dute proiektu osoa «susmopean» dagoela, polizia ikerketek zipriztinduta: «Tartean daude Geoalcali, Servinabar eta Acciona enpresen, ordezkari instituzionalen eta alderdi politikoen bitartekarien arteko harreman ilunak. Proiektuaren gainean ikus daiteke influentzia trafikoaren itzala». Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuari galdegin diote sar dezala Muga meatokiaren espedientea Cerdan auziari lotutako ikerketa batzordean: «Jardun ustelak izan direlako susmoak zalantzan jartzen du inplikatutako enpresak egokiak ote diren».
Horren guztiaren ondorioz, ekologistek uste dute proiektuaren sustatzailearen, hau da, Geoalcaliren sinesgarritasuna «gero eta urriagoa» dela: «Ez da sinesgarria 2016az geroztik, behin eta berriro, obren hasiera datak iragartzea, epemugak inoiz bete ez badira ere. Ez da sinesgarria ustiapen proiektuak eskaintzen aritzea (Muga, El Perdon), jarduerarik izan gabe. Eta gero eta zalantza handiagoak ditugu potasa kantitateen inguruan». Are: agiriaren sinatzaileek uste dute Geoalcalik «haizea saldu» besterik ez duela egin urte hauetan guztietan: «Eta horrek gauza bakarrerako balio izan du orain arte: burtsan espekulatzeko. Eskualdean ehunka lanpostu sortuko zirela eta aberastasun handia izanen zela iragarri zuten horiek ez ziren hemen gelditu etekinen zain. Nahiago izan zuten beren akzioak saldu».
Horregatik, talde ekologistek nabarmendu dute Muga meategia «burugabekeriari eta espekulazioari gorazarre» egiten dion monumentu bat dela: «Porrot eginiko proiektu bat da, oinarri ahulen gainean eraikia. Bada garaia Nafarroako Gobernuak eta gainerako administrazioek hura elikatzeari utz diezaioten».