Euskal presoak

'El Correo'-ren aurkako pintaketak egin dituzte, Bilboko egoitzan

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak «prentsa askatasunaren» aurkakotzat jo dute ekintza. Urkulluk ere «elkartasuna» adierazi dio egunkariari. AEMk elkarretaratzera deitu du gaurko, El Correo-ren egoitza aurrean.

'El Correo' egunkariaren atarian agertutako pintaketa. EL CORREO
2020ko ekainaren 11
11:30
Entzun

Patxi Ruiz euskal presoak atzo eman zion amaiera 31 eguneko gose grebari. Hari babesa adierazteko ekintza ugari egin dira azken asteetan. Horien artean eztabaida handiena sortu dutenak zenbait alderdi politikoren egoitzetan eginiko pintaketak izan dira. Herenegun, besteak beste, El Correo egunkariaren Bilboko egoitzan ere egin zituzten. «Patxi borrokan. Manipulatzaileak»idatzi zuten.

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak mezu bateratu bat argitaratu dute gaur, «pintadak gaitzesteko». Bi erakundeek salatu dute «prentsa askatasunaren eta hedabideek indarkeriarik gabe aske informatzeko eskubidearen» aurkakoa dela ekintza. Adierazi dute «aske informatzeko eta iritzi publikoa eraikitzen laguntzeko informazioa zabaltzea oinarrizko eskubidea» dela, eta horren aurkako «jarrera autoritarioen aurrean» izango direla.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «elkartasuna» adierazi dio egunkariari, eta ekintza «gaitzetsi» du: «Eraso honek merezi duen salaketa aurreko erasoen berdina da. Eraso guztiak gure gizartearen aniztasunaren aurkakoak baitira». Hala egin dute PSEko eta PP+Cs-ko lehendakarigaiek ere. Idoia Mendiak adierazi du egileek ez dituztela onartzen «askatasuna eta demokrazia», eta Carlos Iturgaitzek «beldurraren diktadura» nahi izateaz akusatu ditu.

Ruizek gose greba hasi zuenetik, berrogei batzoki ingurutan egin dituzte pintadak, baita PSEren eta Ahal Dugu-ren hainbat egoitzatan ere, eta herriko tabernetan. Atzo, Barakaldoko, Ugaoko, Ermuko (Bizkaia) eta Zorrotzako (Bilbo) batzokietan ere pintaketak agertu ziren.

Gaur, elkarretaratzea

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi du Ruizen alde deituta zeuden hainbat mobilizazio mantendu egingo direla: «Kaleak Patxiri hartu dio lekukoa». Elkarretaratze horien artean dago gaurko El Correo egunkariaren aurrean deitutakoa, 19:00etan. Mugimenduak «herria kriminalizatzeaz» akusatu du egunkaria, eta «faxistatzat» jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.