Joan den astean bildu ziren. Ordezkaritza bat osatu eta Kataluniara joan ziren ELAko hainbat kide, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia barne. Eragile politiko eta sindikal batzuekin elkartu ziren, kontaktuak egin eta egungo testuinguruaren gaineko iruzkinak elkarbanatu asmoz. Pere Aragones Generalitateko presidenteordea eta ERC alderdiko kidearekin bildu ziren lehenengo.
Askotariko gaiak landu zituzten. Nagusiak, bi: burujabetza prozesua eta presoak. Euskal sindikatuak burujabetza prozesuarekiko zuen konpromisoa azaleratu zien eragileei, eta preso independentista katalanekiko elkartasun osoa adierazi. Halaber, bat egin zuten Kataluniako prozesu subiranista dela-eta atxilo jarraitzen duten presoak berehala askatzeko eskaerarekin.
Kataluniaren erabakitzeko eskubidea babestu zuen ELAk, prozesu horrekiko sindikatuak duen konpromisoa berretsiz. Gainera, babesa eta elkartasun osoa adierazi zioten Generalitateari, Espainiako Estatuaren eskutik jasaten ari diren "errepresioa" azpimarratuz. Zentzu horretan, jarrera gogorra azaleratu zuen sindikatuak: Kataluniako erabaki demokratikoak errespetatzen ez dituzten neurriek "blokeo politikoa zein errepresio antidemokratikoa" indartuko lituzketela nabarmendu zuten ordezkariek.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren jarreraren inguruan hitz egin zuten. Ordezkaritzak dioenez, Generalitatearen jarrera irekiak oso agerian utzi ditu Eusko Jaurlaritzaren eta lehendakariaren "itxikeria eta defizit demokratikoa". Euren esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez dio ELAri aitortu nahi Euskal Herriko lehen sindikatua izatearen zilegitasuna.