Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok adierazi duenez, "aurreko hilabetea azken hiru urteetako maiatzetan onena izan da Gizarte Segurantzako afiliazio-kopuruari dagokionez; hortaz, optimista samar izan gaitezke enpleguak datozen hilabeteetan izango duen bilakaeraren inguruan".
Aburtok azaldu duenez, azken urtean enpleguaren portaera "hobexeagoa" izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (% 3,63) Espainiako batez bestekoa baino (% 3,70).
Adolfo Muñoz Txiki ELA sindikatuko idazkari nagusiak, berriz, ohartarazi du langabeziaren beherakada "urtaroaren araberakoa" dela eta ez duela joera aldatzen. Halaber, kritikatu du Hego Euskal Herrian langabezia "oso modu gogorrean" ari dela sektore publikoa zigortzen.
LABek ildo horretatik jo du langabezia tasaren datuak aztertzerakoan: "Normalean uda gerturatu ahala zertxobait murrizten da langabezia eta aurten ere joera hori ematen ari dela dirudi", esan du sindikatuak ohar batean. Hala ere, ohartarazi du langabezia zerbitzuetan izena emanda daudenak gero eta gutxiago direla.