Betaurrekoak eta sudur gorria jarrita, Bea Clown artistak itxi du ELAk Donostiako Bulebarrean egindako agerraldia: «Martxoaren 17ko greba feminista izango da; bestela, ez da greba izango». Martxoaren 8aren atarian agerraldia egin du sindikatuak, Gipuzkoako erresidentzietako grebalariei babesa emateko eta hilaren 17ko greba orokorra «feminista» izango dela aldarrikatzeko. Hain justu, sindikatuak azpimarratu du 1.500 euroko gutxieneko soldata «erreparazio feministarako tresna» dela.
Hain zuzen, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute greba orokorrera martxoaren 17rako, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzea eskatzeko. Gaur ehunka lagun bildu dira Donostiako Bulebarrean, eta Jone Bengoetxea sindikatuko genero arduradunak adierazi du gutxieneko soldata igotzeak eragin handiagoa izango lukeela «lan eta sektore feminizatu eta prekarizatuetan»: «Gaur egun pentsio negargarria jasotzen duten emakumeei lagunduko die gutxieneko soldata igoerak, kontratu partzialak egiten baitizkiete bata bestearen atzetik». Gehitu du 65 urtetik gorako emakumeen artean pobrezia tasa handiagoa dela adin bereko gizonen artean baino.
Datu gehiago ere eman ditu: esaterako, seme-alabak zaintzeko lan baimenen %87 emakumeek hartzen dituztela, baita beste senideak zaintzeko baimenen %72 ere. Horrez gain, emakume guraso bakarrak eta emakume migratzaileak «egoera ekonomiko okerragoan» daudela azpimarratu du, «lan merkatuan sartzeko oztopoak» dituztelako.
«Bortizkeria ekonomikoa» pairatzen duten emakumeak ere oroitu ditu Bengoetxeak, ezin izango baitute lanuzterik egin. «Langileen baldintzak berdintzeko, ez da okertu behar egoera hobean daudenen maila: abiapunturik txarrena dutenen baldintzak hobetu behar dira», esan du.
Greba zortzi zahar etxetan
Gipuzkoako zahar etxeetako langileen egoera oroitu du ELAk gaurko agerraldian. 2025eko urtarriletik, sektorean hemezortzi greba egun egin dituzte, eta zortzi zahar etxetan 117 egun daramatzate greba iraunkorrean.
Nagore Elgorriaga sektoreko langileak eta Bengoetxeak gogoratu dute sektoreko hitzarmena «erabat blokeatuta» dagoela, «patronalek ez dutelako proposamenik egin». 2025eko urtarrilean hasi ziren negoziatzen: «Sektorean dauden egiturazko desberdintasunak ezabatuko dituen hitzarmen batengatik borrokatzen ari gara».
Elgorriagaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen zaintza eredua «genero diskriminazioan» oinarritzen da, eta 5.000 emakume langile ingururi eragiten die egoerak. Sektore horren prekaritateaz ohartarazi du: «Langileek urtean 10.000 euro gutxiago kobratzen dituzte lan bera egiten duten langile publikoekin alderatuta». Gehitu du «langileen ia erdiek» borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak dituztela.
Egoeraren berri eman ostean, Elgorriagak zerrendatu egin du zein diren sektoreko langileen eskaerak: «Bidezko ratioak, errespetua, lanaldi osoak, soldata duinak, baliabide nahikoak, eta pertsona helduak behar bezala zaintzeko denbora erreala».
Elgorriagak gehitu du sektoreko langileei «pazientzia» eskatzen zaiela, baina, aldi berean, «prekaritatea eskaini». Zahar etxeetako langileen lana «ikusezina» izaten dela uste du Bengoetxeak; hori dela eta, haien lana goraipatu du. «Pertsona helduak zaintzen ez dituen gizarte batek zerbitzuen kalitatea baino zerbait gehiago galtzen du: gizatasuna», borobildu du.
Gaur egindako beste agerraldi batean, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak azaldu du aldundiak badakiela zein diren zahar etxeetako langileen aldarrikapenak, eta «laguntzen» ari dela akordioa «lehenbailehen» lortzeko.