ELAk eta LABek erantzukizuna eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari erresidentzien lehen greba egunean

Bi sindikatuek langileen prekarietatea salatu dute eta erantzunak eskatu dituzte azaroaren 26an egingo duten negoziazio mahaiaren atarian. Abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean ere greba egingo dutela adierazi dute.

ELAk gaur egindako manifestazioa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ELAk gaur egindako manifestazioa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko azaroaren 19a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozenaka langile batu dira gaur ELAk eta LABek deituta, Bizkaiko erresidentzien lehen greba egunean. Bi sindikatuek mobilizazioak egin dituzte gaur goizean Bilbon, eta ELAren arabera grebaren jarraipena handia izan da. Sindikatuek hamar hilabete daramatzate patronalarekin negoziatzen; lan baldintzak hobetzeko asmoz honako eskaera hauek egin dituzte: lan osasuna hobetzea, lankarga eta erritmoen murrizketa, derrigorrezko errelebo kontratuaren ezarpena, plantillak handitzea eta enplegu egonkortasuna. Hobekuntzak lortu ez dituztenez gaurkoaz gain beste bi greba egun deitu dituzte: abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean.

Bizkaiko erresidentzia eta etxebizitza komunitarioetako langileak izan dira Bilboko kaleak hartu dituzten lehenak; manifestazioa egin dute, ELAk deituta. Langileek leopardo estanpatua zuten kamiseta koloretsuak jantzi dituzte pankartaren leloari keinu eginez: «Erresidentziak: zainketaren oihana». Pankarta erraldoi bat buru, hiriko kaleak zeharkatu dituzte Guggenheimeko zabalgunetik hasita Bizkaiko Foru Aldundiaren ateraino Hau ez da zaintza, esplotazioa da! oihukatuz.

«Enpresek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek lan osasuneko arazo bat dagoela egiaztatzen dute»

IRATXE VIEJO Bizkaiko erresidentzietako arduraduna

Langileek murrizketak salatu dituzte eta arreta eredua aldatzea eskatu dute. Iratxe Viejo Bizkaiko erresidentzietako arduradunaren arabera, sektoreko langileak prekarietate egoera bat bizitzen ari dira: «Enpresek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek lan osasuneko arazo bat dagoela egiaztatzen dute». Horren aurrean, patronalek beste alde batera begiratzen dute, Viejok salatu duenez.

Kontratuetan aldaketak ere eskatu dituzte: «Hainbat urtez egon gara hitz egiten GUFEn parekatzearen inguruan. Horren bidean doazen soldatak eskatzen ditugu», azaldu du Viejok. Gainera, nahitaezko errelebo kontratua eskaintzea eskatu diete enpresei. «Urteko lanaldi murrizketa baten inguruan hitz egiten ari gara, astero 32 ordukoa», zehaztu du. 

Hamar hilabete daramate GESCA, LARES eta ELBE patronalekin negoziazio mahaian eskaera horiek lortzeko, baina langileen beharrei erantzuten ez dieten erabakiak jaso dituzte, sindikatuen esanetan. «Patronalak 600 euro baino gehiagoko murrizketak egin nahi ditu», kontatu du Viejok. Gainera, sektorean malguagoa den eredu bat sartu nahi dute, langileei laguntzen ez diena. «Malgutasun ereduak prekarietatea bultzatzen du», azaldu du. Langileek bizi duten egoerak erresidentzietan dauden pertsonen arretan zuzeneko eragina duela nabarmendu dute. Hori dela eta, azaroaren 26an egingo duten negoziazio mahaian, patronalei ez ezik, Bizkaiko Foru aldundiari ere eskatuko diote erantzun bat emateko.

LABek egindako elkarretaratzea, gaur, Bilbon.OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LABek egindako elkarretaratzea, Bilbon.  OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

LABeko kideak ere Bizkaiko Foru Aldundiarengana zuzendu dira: «Ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu». Goizeko lehen ordutik grebalariek elkarretaratze bat egin dute Batzar Nagusien aurrean. Bitartean, sindikatuko ordezkariak eraikinean bildu dira EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren, PPren eta Elkarrekin Podemosen ordezkariekin. Txosten ekonomiko baten bitartez, sektoreko beharrei irtenbidea emateko proposamen zehatzak helarazi dizkiete LABek alderdiei.

Txosten ekonomikoan jasotzen da 481 milioi euroraino handitu beharko litzatekeela egungo aurrekontua. Hala, langileen baldintzen parekatzea bermatzea exijitu die LABek alderdi politikoei. «Aldundia egungo erresidentzien pribatizazioa bultzatzen duen instituzioa da, eta sektorearen prekarietatearen erantzuleetariko bat», adierazi dute. Hori dela eta, gaur goizeko bileran bi aldarrikapen nagusi jarri ditu LABek mahai gainean: gaixotu gabe lan egin ahal izateko plantilla %200 handitzea eta GUFErekiko soldaten parekatzea.

Elkarretaratzeari amaiera emateko, eta negoziazioaren blokeoa irudikatzeko, LABeko kideek Hurtado Amezagako errepidea moztu dute. 50 lagun inguru errepidearen erdian eseri dira eta Bizkaiko Batzar Nagusiari zuzenduz egin dute oihu: «Langile gehiago!».

ALDUNDIAk elkarrizketara deitu ditu bi aldeak

Bizkaiko Foru Aldundiak greba eta langileen aldarrikapenak errespetatzen dituela adierazi du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak. «Aldundi bezala konprometituta gaude kalitatezko zerbitzu bategaz, eta uste dugu hori bermatuta dagoela. Erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzen zaie», adierazi du. Negoziazioa errespetatzen dutela gehitu du: «Alde biei elkarrizketara deitzen diegu, ahalik eta akordio onena lortzeko bientzako». Bestalde, gogorarazi du gaur egun indarrean dagoen hitzarmena 2023koa dela eta ELArentzat aurrerapausoa izan zela. «Esan zuen pauso garrantzitsua izan zela langileen duintasunaren alde. Horiek izan ziren ELAren berba zehatzak», gogoratu du. Horregatik uste dute oinarri on batetik hasi direla sindikatuen eta patronalaren arteko elkarrizketak. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA